Tolosak ezin izango du jokatu eta bere ordez Aranguren ariko da Altunarekin batera, Binakako Txapelketako partidan. Murua arrasatearrari dagokionez, Aldaberekin bikoa eginda, Bakaikoa-Lizeagari egingo diote aurre. Hirugarren partidu bat ere izango da: Egiguren V-Bikuña Larrazabal-Salaberri.
Artxiboko argazkia: Baiko.
Feria egun handian profesional mailako partidak izango ditugu udal-pilotalekuan, Aspek eta Baikok antolatuta.
Nazio mailako Eskuz Binakako final-laurdenean Altuna III txapeldun handiak parte hartuko du. Tolosarekin bikoa egitekoa zen, baina pilotari anoetarrak tamalez ezingo du jokatu, eta bere ordez Aitor Aranguren ariko da.
Parez pare sasoiko bi pilotari izango dituzte: Artola eta Mariezkurrena II. Jaialdiko beste partidetako batean Ander Murua Txintxurreta ‘etxean’ jokatuko du bertako publikoaren berotasunarekin.
Horretarako, Aldabe atzelari lanetan izango du, eta Bakaikoa-Lizeaga izango dute aurkari. Jaialdiko lehen norgehiagoka, arratsaldeko 17:00etan hasita, B seriekoa izango da:
Egiguren V-Bikuña eta Larrazabal-Salaberri nor baino nor gehiago ariko dira kantxan. Jaialdi honen laguntzailea Arrasateko Udala da.
Sarreren aurretiazko salmenta abenduaren 3tik aurrera izango da Buenuena eta Monte Tabernan. Sarean entradasfronton.com webgunean.




