Ospitaleak artaturiko emakume baten erasotzaileari urruntze agindua berretsi zaio

0
1626

Indarkeria matxistaren enegarren erasoan, gizonezko batek bikoteari egun berean bi ukabilkada eman zizkion aurpegian. Bergarako Epaitegiak urruntze agindua ezarri zuen, eta hori berretsi egin du orain gutxi Gipuzkoako Entzutegiak.

Argazkia: MB artxiboa.

Beste eraso matxista bat izan da Debagoienean, gizonezko batek bikoteari etxebizitzan ukabilkada bat eman baitzion, eskumako begian.

Ondorioz, emakumea Arrasateko Ospitaleko Larrialdi-zerbitzuetan artatu behar izan zuten, eta bertan mediku forentseak ere aztertu behar izan zuen.

Biek ala biek baieztatu zuten emakumeak eskumako begian kalteak zituela. Gainera, egun berean, arratsaldean, erasotzaileak berriro jo egin zion, aurpegiaren ezkerreko aldean.

Biktimaren testigantzan oinarrituta eta agiri-medikuetan oinarriturik, Bergarako Epaitegiak iaz urruntze agindua ezarri zuen.

Erasotzaileak helegitea aurkeztu zuen, baina Gipuzkoako Probintzia-Entzutegiak aurten autoa berretsi egin du, eta epai hau irmoa da.

Erasoen biktimek edo erasoen lekuko direnek, ondoko laguntza-zerbitzuak dituzte eskura, ondoko telefono zenbakietan:

Udaltzaingoa: 943 25 20 10 edo 092

Larrialdiak: 112

Eusko Jaurlaritzaren 24 ordutako zerbitzua: 900 84 01 11. Honek ez du telefono deiaren arrastorik uzten eskuko telefonoan.

Arrasateko Emakume Txokoa: 943 79 41 39

Arrasateko Gizarte Zerbitzuak: 943 25 20 07. Hau ez da urjentziazko kasuetan bertara deitzeko baina bai beste uneetarako.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen