Hizkuntza Eskubideen Protokoloa: “Epaitik epaira, argi geratzen ari da oldarraldi judiziala dela”

0
915

Euskararen erabileraren normalizazioa “trabatu” egiten duela salatu dute Arrasateko eragile eta herritar ugarik. Gainera, ohartarazi dute halako epaiek normalizazio prozesuan “atzerapausoak eragin” ditzaketela.

Euskaldunon Hizkuntza Eskubideen Aldeko Arrasateko Protokoloak deituta, bilkura egin da gaur arratsaldean Herriko plazan.

Protokoloaren eragileek gaitzetsi dute “oldarraldi judizialak ez duela etenik. Kezkaz bizi dugu behin eta berriz euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sorta”.

Izan ere, “epaitik epaira kezka hori larritzen ari zaigu, gero eta argiago geratzen ari baita kasuan kasuko ebazpenetatik haragoko joera bat dela, oldarraldi judizial bat”.

“Are euskararen normalizazio prozesua trabatu eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarofoboa”.

Donostiako Adminitrazioarekiko Auzien 3. zenbakiko epaitegiak jakinarazitako azken sententzia Donostiako Udalak, Udaltzainen lanpostuak egonkortzeko, egindako deialdiaren harira.

“Auzitegiak ebatzi du ‘diskriminatzailea’ dela udaltzain izateko euskara maila jakin bat eskatzea. Aurrez oldarraldi judizialaren baitan kokaturiko Irungo sententzia darabilte epai berri hau justifikatzeko”.

“Hau da, euskararen normalizazio prozesuaren joko-arau juridikoak aldatzen ari dira epaileak”. Eragileek azpimarratu dute kontuan hartzekoak direla “udaltzainek herritarrekin duten harreman zuzena eta eginbeharren garrantzia”.

Horregatik, “udaltzain bakar batek euskararen ezagutza ez izateak zerbitzu osoa eta herritarren eskubideak eta integritatea baldintzatu ditzake”.

“Etengabean esaten digute euskara eta gaztelania biak direla ofizialak EAEko eremuan, maila berean daudela. Aldiz, epaiak azpimarratzen du Espainiako Konstituzioa oinarri, gaztelera dela hizkuntza ‘ofiziala’, herritar guztiek ezagutu behar dutena, eta euskara, berriz, ‘koofiziala'”.

Hau da, “bigarren mailako ofizialtasuna da euskararena eta, eta ondorioz bigarren mailako herritar izatera kondenatzen gaituzte”.

“Onartezina zaigu, gainera, epai hauek danak lotzen dituen premisa faltsua: lan-eskubideak eta hizkuntza eskubideak elkarren kontrakoak direla, kontrajarrita daudela”.

“Auzia oso bestelakoa denean: elkar osatzen eta indartzen duten eskubideak dira. Hizkuntz-eskubideak bizimoduko alor guztietan gauza daitezkeenean soilik bihutzen baitira egiazko eskubide, lanean barne”.

“Eta herritarren hizkuntza eskubideak, oinarrizko eskubide zibilak, bermatzeko modu bakarra, administrazioa bere osotasunean elebiduna izatea da”.

Espainiar botere judizialetik “hizkuntza-politika egiten jarraitzen dute, euskararen ofizialtasunaren ondorioak murriztuz eta herritarron eskubideen aurka”.

“Izan ere, epai hauek guztiak euskararen normalizaziorako bidea egitea posible dela ukatzen ari dira”.

“Larritasun honen aurrean mobilizazio soziala ezinbestekoa da. Bada garaia urrats bat aurrera egin, euskararen gaia erdigunean jarri eta elkarrekin eragiteko”.

Izan ere, “oraintxe bertan auzitegietatik hartzen ari diren erabakien ondorioak atzerapauso handiak eragin ditzakete urte luzeetako ahaleginari esker lortutako eskubideetan eta euskararen biziberritze prozesuan”.

Azaroaren 4an Bilboko jendetsuaren aldarri berberekin egin da bilkura Herriko plazan, “eta aterako gara behar den guztietan”.

“Oldarraldiaren aurrean euskararekin bat, euskaraz bat. Euskaraz bizi nahi dugu eta ez dugu eskubide murrizketarik onartuko!”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen