Beheko testua: Udala / Framea: Jaurlaritza.
Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bultzatuta, kanpainaren helburua da herritarrak aktibatzea, erosketa edo kontsumitze unean euskara erabil dezaten, baita merkatari zein ostalariak aktibatzea ere, gerturatzen diren herritarrei euskaraz egin diezaieten. Kanpaina abenduaren 31 bitartean garatuko da eta euskara eremu sozioekonomikoan sustatzeko planaren helburuei erantzuten die.
Eguberriak erosketa eta kontsumo egun indartsuak dira izatez eta horren harira, Arrasateko Udalak tokiko merkataritzaren indartzean jartzen du fokua, hori lortze aldera hainbat ekintza sustatuz, besteak beste, erakusleiho lehiaketa edo tokiko merkataritzaren aldeko spota.
Baina tokiko merkataritza indartzeaz gain, Arrasateko Udalak euskararen aldeko apustua ere berretsi du garai honetan eta horretarako Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bultzatutako ‘Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz’ kanpainara batu da beste urte batez, euskararen eta tokiko merkataritzaren aldeko apustua uztartuz.
Hori horrela, kanpainaren helburua da herritarrak aktibatzea, erosketak egin edo kontsumitzeko unean euskara erabil dezaten. Eta herritarrez gain, merkatari edota ostalariak ere aktibatu nahi ditu kanpaina honek, hauek ere euskaraz egin diezaieten herritarrei.
Kanpainak, beraz, helburu bikoitza betetzen du: euskara sustatzea batetik eta herritarrak herriko establezimenduetan kontsumitzera animatzea, bestetik.
‘Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz’ kanpaina abenduaren 31 bitartean gauzatuko da eta gure hizkuntza eremu sozioekonomikoan sustatzeko planaren helburuei erantzuten die. Horri jarraiki, Arrasateko Udalak kanpainaren berri eman die herriko saltoki guztiei, kanpainan parte har dezaten animatuz, Gabonetan ere, Arrasatek euskaraz egiten jarrai dezan.




