Beheko testua: Arrasateko Udala. Argazkia: MB artxiboa.
Emakumeenganako indarkeria ezabatzeko nazioarteko egun honetan, azaroak 25, sexu-indarkeriak adingabeen artean gero eta eragin handiagoa duela azpimarratu eta arreta jarri nahi dugu, indarkeria mota hori ikusezinena eta normalizatuena baita, eta urtetik urtera gora egiten jarraitzen baitu.
Hainbat txostenen arabera, sexu-delituen biktimen % 40 adingabeak dira, gehienak neskak eta nerabeak. Adingabeen sexu-askatasunaren aurkako delituen ehunekoak ere gora egin du. Laguntza espezializatuaren eskaerek ere gora egin duten arren, datuek erakusten dute neskek zailtasun handiak dituztela indarkeria-adierazpen jakin batzuk antzemateko beren portaeran, bai berdinen taldean, bai harreman afektiboetan.
Mugimendu feministak eta adituek horien arrazoiak genero-ikuspegidun kalitatezko sexu-hezkuntzarik ez izatea eta familietan eta eskola-inguruneetan gizarte-balio egokiak transmititu ez izana direla adierazten dute. Era berean, ohartarazten dute adingabeen artean genero-mito eta -estereotipoak hedatzen ari direla, baita haurren sexualizazioari eta pornografiaren bidezko sexu-hastapen goiztiarrari buruzkoak ere, neurri handiagoan, ohiko erabilerako sare sozialetan. Kasu askotan, gainera, biktimen sinesgarritasunik eza antzematen da, eta horrek eragotzi egiten du esku-hartze goiztiarra eta erreparatzailea, adingabeei egindako sexu-abusu eta sexu-erasoen kasuetan.
Horren guztiaren ondorioz, harreman afektibo-sexualen eta gizonek eta emakumeek harreman horietan duten rolaren irudi desitxuratua zabaldu da. Sexu-indarkeria hutsaldu eta legitimatu egiten da, emakumeen nahiak eta gorputzak menderatzeko modu gisa. Jokabide larrienek eraso sexualetara eta fisikoetara eraman dezakete, baita, muturreko moduetan, emakumeen hilketetara ere.
Horren guztiaren aurrean, euskal erakundeek eskura dituzten estrategia eta mekanismo guztiak sustatu behar dituzte, emakumeek eta neskek bizitza garapen osoa izan dezaten, askatasun- eta segurtasun-baldintzetan. Hain zuzen ere, beraien desirak, afektuak eta sexu-portaerak derrigortzerik eta indarkeriarik gabe adieraz ditzaten, genero-estereotipoak eta genero-aginduak alde batera utzita.
Argi esan behar da: Emakumeen aurkako indarkeria gizonek eragin eta emakumeek jasaten dute.
Horregatik, aurten gizonak interpelatu nahi ditugu: emakumeen giza eskubideen kontrako sistema honetan daukaten ardura hartzeko deia egiten dugu Arrasateko Udaletxetik.
Udalak, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak diren aldetik, udalerritan berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko bizikidetzarako baldintzak bultzatzeko arduradunak dira.
Zentzu honetan, nabarmendu eta balorean jarri nahi dugu gure herrian Emakume txokoak eta bertako eragileek egunero arlo honetan egiten duten lana.
Hori dela eta, Arrasateko Udalak ekintza eta konpromiso hauek hartzen ditu:
- Gure gaitzespena emakumeek edozein esparru eta testuinguruan pairatzen dituzten askotariko diskriminazioek eragindako indarkeria matxista mota guztiei.
- Adin guztietako gizonei indarkeria matxistaren aurrean konpromisoak eta jarrera aktiboak hartzeko deia egiten diegu
- Indarkeria matxista prebenitzeko tokiko estrategia indartzea, adingabeen artean sexu-indarkeriari aurre egiteko egiturak, baliabideak, zerbitzuak edo programak ezarriz.
- Biktima adingabeen inguruan sexu-indarkerien antzematea eta arreta goiztiarra hobetzea, tokiko koordinazio-protokoloen bidez.
- Sexu-indarkerien biktimekin esku hartzen duten profesionalen prestakuntza-programak diseinatzea/ezartzea/eta ebaluatzea
- Hezkuntza ez-formaleko espazioetatik hezkuntza-prozesuak garatzen laguntzea, adingabeen indarkeria matxistaren aurkako jarrerak indartzeko.
- Arrasateko gazte eta nerabeekin sare sozialetan kanpaina berezi bat landu eta martxan jartzeko konpromisoa hartzen dugu.
- Neskei eta nerabeei zuzendutako ahalduntze-programak indartzea, sexualitateari, bikote-harremanei, maitasun erromantikoari, autodefentsa feministako tailerrei eta abarrei buruzkoak
Era berean, herritarrei dei egiten diegu, azaroaren 25ean, Arrasateko Mugimendu feministak deitutako mobilizazioekin bat egin dezaten.




