Arrasate Musikalen ospatu da Euskadiko Tronpetarien I. Topaketa

0
857

Euskadi Brass-ek antolatuta, topaketa egin zen atzo Juan Arzamendi Musika Etxean, 80 tronpetista batuz. Jarduera ugari egin ziren, eta adibidez Alberto Urretxo eta Mikel Arkauz arrasatearrak zuzenean ikus-entzuteko aukera izan zen.

Jarduera ugari egin ziren egunean zehar, eta esaterako, parte-hartzaileek lehen mailako bi tronpisten aholkuak jasotzeko aukera izan zuten, Luis González eta Miguel Angel Torresen gomendioak.

Luis Musikeneko (Goi mailako  musika ikastegiko) tronpeta irakaslea da eta gainera free-lance gisa aritzen da agrupazio desberdinekin. Miguel Angel Bilboko Orkestra Sinfonikoaren (BOS) Tronpeta Bakarlaria da.

Azpimarratzekoa da ere Arrasate Musikaletik 15 tronpetarik parte hartu zutela, eta musika-eskolak ere antolaketan lan egin zuela.

Egunean zehar hainbat ekintza aurrera eraman ziren, adibidez, ikasleek taldeka prestaturiko piezak jo zituzten, eta tronpeta marken erakusketa egin zen.

Eguerdi partean SUDCek 80 parte-hartzaileendako bazkaria prestatu zuen, eta Alkartu ospatu zen otordua. Topaketako Antolakuntzak eskerrak eman zizkien SUDCeko lagunei.

Topaketa osotzeko, eta azken ekitaldi gisa, Euskadi Brassek doako kontzertua eskaini zuen auditoriumean. Bertan, Alberto Urretxo eta Mikel Arkauz arrasatearrek parte hartu zuten, besteak beste.

Albertok adibidez antolatzaile, irakasle, musika,… gisa lan egin zuen egunean zehar, eta oso positiboki baloratu zuen topaketa:

“Balorazio oso ona, egunak luze jo du, eta jarduera ugari egin dira, baina nik uste orokorrean sentsazio oso onak izan direla”.

Izan ere, “ikasleek aukera polita izan dute profesional ezberdinak ezagutzeko, baita irakasleekin hartu-emanak izateko ere. Azken finean hau proiektu sozial bat da, eta guztiok batera halako esperientzia bat bizitzea oso baliagarria dela uste dut”.

“Oso ondo pasatu dugu, eskerrik asko SUDCeri guztiontzat bazkaria prestatzearren, baita Edorta Ayastuyri ere, hemen izugarrizko lana egiten diharduena”.

Alberto Urretxok bere garaian Aprendices eraikin zaharrean ikasle eta irakasle jardun zuen, eta JAME eraikin berriaz duen iritzia plazaratu du:

“Eraikin berri hau ikusteak asko alaitzen nau, halako eraikin bat merezi zuten, hemen lan oso serio egiten da, eta urte ugari daramatzate horretan. Zalantza barik merezi zuten”.

“Eskerrak eman behar zaizkie bai Udalari baita Arrasate Musikali ere, eta ziur eraikin berriarekin lana beste era batera egingo dutela, ondo beti bezala, baina eraikinak plus bat emango die”.

2024an Euskadiko Tronpetajoleen Topaketa Arrasaten egingo da? “Ni Arrasaterekin beti kontaktuan izango naiz, eta Arrasate Musikalek laguntza handia eman digu”.

“Leioan I. Tronboi Topaketa egin dugu, baina gure helburua da Euskal Herri mailan mugitzea. Arrasatera itzultzeko aukera izanez gero, noski hala egingo dugula”.

Atzokoan ere lan handia egin zuen Edorta Ayastuyk baloratu egin zuen topaketa “ikasleentzat esperientzia berri bat izan zela, eta adibidez tronpeta oso garestiak probatzeko aukera izan zuten”. Ekitaldi irekian “adin nahiz maila ezberdinetako pertsonek parte hartu dute”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen