Igandean jarriko dira salgai Gala lirikorako sarrerak

0
665

‘Una noche en el teatro de la comedia’ ekoizpena, Ozenki elkartearena, Amaia antzokian estreinatuko da azaroaren 26an, 19:00etan. Umore ukitu handiekin, obrak Mozart, Puccini edo Solozabal bezalako konpositore ezagunen ariak errepasatuko ditu. Sarrerak urriaren 29tik aurrera erosi ahal izango dira Amaia Antzokiko ohiko kanaletan, baita Altuna Lurrindegian ere, 20 euroren truke.

Testua eta kartela: Ozenki. Argazkia: MB artxiboa.

Pasa den urteko Gala lirikoak lortutako sentsazio onen ostean, Ozenkik umorez beteriko obra bat ekoiztu du berriro, zeinetan opera den protagonista nagusia. Una noche en el teatro de la comedia lanean, antzokiko zuzendariak zuzendari artistikoarekin batera Konpainia Lirikoaren hurrengo opera emanaldian parte hartzeko aurkeztu diren abeslariei egingo dien entzunaldi edo castinga erakutsuko zaigu.

Antzezlanak musikaren trama sartzen du antzerkiaren barruan, vodeviletik gertu dauden eszenekin, eta antzerki lirikoko abeslari eta aktore nabarmenen zerrenda oparoa du, egoera dibertigarri eta zentzugabe guztiak bikain antzezten dituztenak. Antzelan hau Josean Garciaren irudimenetik sortu da, eta testuak duen istorio arinari esker, gala gaualdi musikal atsegina izan dadin lortuko dute.

Sarrerak 20 euroan jarriko dira salgai urriaren 29an, igandea, 00:00etatik aurrera, ohiko kanaletan: Kutxabank, Amaiaren leihatila eta arrasate.eus webgunean. Horrez gainera, elkarteak ozenkielkartea@hotmail.es helbide elektronikoa jarri du eskuragarri, eta bertatik ere egin ahal izango dira galara joateko eskaerak. Berrikuntza gisa, eta sarrera fisikoen erosketa errazteko, nahi dutenek Altuna Lurrindegian ere erosi ahal izango dituzte txartelakk.

Lantalde handia

Una noche en el teatro de la comedia Ozenki elkartearen ekoizpen propioa da, eta horretarako Josean Garcia zuzendari artistiko ezaguna buru duen talentu handiko taldea batu da. Musika zuzendaria Arkaitz Mendoza izango da, eta Valen Moñux bergararra eszenografia eta atrezzoaren arduraduna.

Amaiaren eszenatokiaren gainean, azaroaren 26an, Gema Scabal sopranoa, David Baños tenorea eta Andrés del Pino baritonoa arituko dira, guztiak nazioarteko lehen mailako abeslariak. Horiekin batera arituko dira Estibaliz Arroyo, Jon Imanol Etxabe, Ekaitz González de Urretxu, Koldo Torres, José Ángel Otegi eta Aurora Telletxea, Sasibill konpainiako abeslari eta aktoreak, aurreko galetan ere arrasatear eszenatokia zapaldu dutenak. Hori guztia Amaian lirikaren zatirik ederrenetako batzuk berriro entzun daitezen.

Ozenki elkartea

2011tik Ozenki Elkarteak lirika eta musika, oro har, Debagoiena osora hurbiltzeko lan egiten du. Elkarteak esperientzia luzea du bere atzean, eta egunero egiten du lan ikusleei musika pieza onenak hurbiltzeko: “iazko kritika onen ondoren, formula bera errepikatu nahi izan dugu, baina aurtengoa ikuskizun desberdina izango da” azpimarratu du Manu Gallardo Ozenki elkarteko kideak.

Ekoizpen honek hasiera emango dio Ozenki musika Arrasateko txoko bakoitzera hurbiltzeko atontzen ari den proposamen musikalari.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen