Hizkuntza-eskubideen aurkako “oldarraldi judiziala” salatu da plazan

0
969

Beheko testua eta argazkia: Hizkuntza-eskubideen protokoloaren aldeko sustatzaileak.

Gaur goizean Bilbon eta arratsaldean Arrasaten elkartu garen norbanako eta erakundeok kezkaz bizi dugu behin eta berriz euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzietegietatik jasotako sententzia sorta. Epaitik epaira kezka hori larritzen ari zaigu, gainera, gero eta argiago geratzen ari baita kasuan kasuko ebazpenetatik haragoko joera bat dela, oldarraldi judizial bat. Are, euskararen normalizazio prozesua trabatu eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa. Oldarraldi honen agerpen mediatikoak eta politikoak aspalditik ezagunak bazaizkigu ere, azken boladan gordintzen joan dira, bereziki, alor judizialean.

Erandiokoa izan da, momentuz, azken epaia. Uliazpi Fundazioaren lan-deialdiaren aurkako sententzia, errekurrituta dagoena, baliatu dute azken hau justifikatzeko. Soka beretik heldu ziren, besteak beste, Barakaldokoa, Irungo udaltzainen hizkuntza-eskakizunen aurkakoa edota euskara hizkuntz “zailegia” dela baieztatu zuen Laudiokoa.

Ez dezagun ahaztu Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian (azken epai horien eragin eremuan) lau biztanletik hiruk uste dutela euskaraz jakin behar dela administrazioan lan egiteko. Hots, epaileak hizkuntza-politika egiten ari direla, kontsentsu zabalean oinarritutako neurrien eta horretarako eskumena duen botere legegilearen gainetik.

Alde horretatik, nabarmenetzekoa da epai hauek guztiak lotzen dituen haria premisa faltsu bat dela: lan-eskubideak eta hizkuntza-eskubideak kontrajartzea. Izan ere, oldarraldi honi erantzunez epaien jomugan izan diren langile eta herritarren protestek agerian utzi duten bezala elkar osatzen duten eskubideak dira, inola ere ez kontrajarriak.

Ildo beretik dator EAEko Udal Legearen auzia. Udaletan ordezkaritzarik ez duen alderdi batek jarritako helegitearen ondorioz, EAEko Justizia Auzitegiko Administrazioarekiko Auzien Salak legearen konstituzionaltasuna ebazteko eskatu dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalari. Kontuan izan behar da 1982ko Euskararen Legearena baino are kontsentsu zabalagoarekin onartu zela lege hau eta auzitan dagoena, besteak beste, 6.2 artikulua dela, hain zuzen ere, toki-erakundeek beren jarduerak euskaraz egitea ahalbidetzen duena.

Arestian esan bezala, gaur goizean Bilbon eta arratsaldean Arrasaten elkartu garen norbaneko eta erakundeok kezka handiz ikusten dugu hau guztia. Kezkaz ikusten dugu Euskal Herriko hiru eremun administratiboetan indartzen ari den joera bat delako, eta, aldi berean, Euskal Herritik harago Espainiako eta Frantziako estatuetako beste hizkuntza gutxituen eremuetan ere gertatzen ari delako.

Larritasun honen aurrean mobilizazio soziala ezinbestekoa da. Gizarte-eragileoi dagokigu desadostasuna kalean erakustea. Bada garaia urrats bat aurrera egin, euskararen gaia erdigunean jarri eta elkarrekin eragiteko. Izan ere, oraintxe bertan auzitegietatik hartzen ari diren erabakien ondorioek atzerapauso handiak eragin ditzakete urte luzeetako ahaleginari esker lortutako eskubideetan eta euskararen biziberritze prozesuan.

Honenbestez, dei egiten diegu euskararen eta herritar guztien hizkuntza-eskubideen alde dauden eragile eta norbanakoei azaroaren 4ean Bilbon egingo dugun manifestazioan parte hartzera. Larria baita gertatzen ari dena: euskararen biziberritze prozesuaz harago milaka herritarren bizitzen bizigarritasuna baitago auzitan, eta harekin batera berdintasuna, justizia eta kohesio soziala. Funtsean, bizikidetza.

kontseilua.eus

Erlazionatutako albistea:

Hizkuntza-eskubideen aldeko Arrasateko protokoloa aurkeztu da

2023ko apirilaren 26an argitaratutako albistea

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen