Ttak! taldeak ‘Euskaraz Bagara Nor’ dinamika berria aurkeztu du

0
965

Uda bitarte iraungo duen dinamika izango da eta euskarak antolatzen diren ekitaldi eta emanaldietan erdigunea hartzea izango du helburu. 

Testua eta argazkiak: Ttak!.

Euskararen egoerarekin kezkatuta gauden gazteak gara eta euskaraz bizi nahi dugunon egoera kezka handiz bizi dugu.

Datu soziolinguistikoek adierazten dute euskararen jakintzak gora egin arren, horrek ez duela itzulpenik erabilera datuetan. Iraganeko kontuak zirela uste duenik egongo bada ere, argi dago euskararen egoera ez dagoela normalizatuta, eta egoera prekarioa honen adibide dira euskaldunok egunero jasaten ditu- gun erasoak. Izan ere, euskararen aurkako erasoek ez dute etenik, ezta hizkuntza eskubideen aurkako oldarraldi politiko, juridiko eta mediatikoek ere. Erandioko kasua eta unibertsitateetan euskal filologia desagerrarazteko nahia dira honen azken adibideak. Kezkagarritzat jotzen ditugu gure herriko politikarien ahoetatik entzuten ditugun diskurtso euskarafoboak eta instituzioek euskararen normalizazioaren bidean politika eraginkorrak gauzatzeko duten gaitasun eza.

Arrasateko gazteok, hala ere, ez dugu inposatu nahi diguten normalizazioa onartuko, non normala “zapalduaren” posizioa onartzea den. Guk Euskaraz bizi eta berau aurrera eramateko konpromisoa hartua dugu, baina argi dago bide hau ezin dugula bakarrik urratu. Izan ere, oraindik asko dira gure borrokara batu eta Arrasate zein Euskal Herri euskalduna eraikitzeko hautua egin behar duten herritarrak.

Horretarako ezinbestekoa izango da elkarlanean, bakoitzak bere esparrutik eragitea, kontzientziak astintzea eta euskaraz bizitzeko nahia praktikan jartzea.

TTAK!eko kideok, AEDk azken 40 urteetan egin bezala, euskara aurrera eramateko konpromisoan berresten gara, baita gazte eremuan honetako baldintzak eta espazioak sortzeko konpromisoan ere; egindakoaz harro baikaude eta harago joateko ekimena baitugu.

Horregatik argi diogu; euskaraz bagara nor. Nor gara Arrasate euskaratik eta euskaraz arnasberritzeko. Nor gara, euskaldunduz, gazteok ahaldunduko gaituen herri bat sortzeko.

Ez dagoelako euskaraz bizitzea baino erabaki iraultzaile eta errebeldeagorik.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen