Erreminta berri hau “eraikitzailea izango dela (ahal den neurrian)” iragarri dute talde sustatzaileek. Orain arte herriko 18 eragilek bat egin dute ekimenarekin. Hiru xede nagusi ditu: “kontzientziazioa, eskaerak eta (beharrezkoa balitz) presioa egitea, eta modu bateratuan erantzutea”.
Aurkezpena gaur arratsaldean egin da, Kulturateko Loramendi gelan. Eragileen ordezkari eta herritar ugari izan dira bertan.
Orain arteko sustatzaileak Debagoieneko AEK, Tatxilipurdi, Ekin, Arrasateko Euskal Herrian Euskaraz eta AED dira. Ekitaldian protokoloaren xehetasunak AEDko Itxaro Artolak eta AEKko Oskar Elizburuk eman dituzte.
Arrasate Euskaldun Dezaguneko bazkideek egindako “mintegi batean mahairatu zen protokolo horren beharra”.
Erreminta honen sustatzaileek azpimarratu dute “protokoloa, eraikitzeko asmoarekin idatzi dugula, euskararen normalizazioaren eta erabileraren alde egiteko, ez inoren aurka joateko edo dena delakorako”.
Hau da, “dauzkagun hizkuntza-eskubideen defentsarako, behar ditugun pausoak eman ahal izateko”.
Horretarako “onartuak ditugun hizkuntza-eskubideak hartuko ditugu, eta edozein erasoren aurrean irakurketak egingo ditugu. 3 helburu nagusi ditu“:
- “Euskaldunok gure hizkuntza-eskubideen inguruan kontzientziatzea”
- “Eskubideak errespetatzeko eskaera zuzenak egitea” eta “beharko balitz presio bideak martxan jartzea”
- “Urraketen aurrean modu bateratuan erantzutea”
Bide honetan, hobesten dute hizkuntza-eskubideen aldeko Euskal Herriko beste entitateekin “laguntzak, aholkuak,… elkar trukatzea koordinazio horretatik denok irabazten dugulakoan”.
Protokoloa aktibatzean, ekimen honek kontuan hartuko ditu eskubideak urratu dituen entitateak “zein izaera duen (publikoa, pribatua,…), zein jatorri duen (Arrasateko edo kanpokoa) eta jarreraz aldatzeko zein prestasun”.
Ekimenaren baitan, bi mailatako parte-hartzea planteatzen da: “talde eragilea, azkartasunari eta eraginkortasunari begira, eta herriko eragileen atxikimendua, euskarak herritarren babesa behar baitu”.
Oraingoz talde eragilean “5 eragile dabiltza: Debagoieneko AEK, Tatxilipurdi, Ekin, Arrasateko Euskal Herrian Euskaraz eta AED”.
“Taldea zabalik dago eta beraz beste eragileren bat gurako balu talde motor honetan partea hartzea, ongietorria izango litzateke”. Atxikimenduak lortzeko “gonbidapenak bidali ditugu, eta oraingoz 13 eragilek bat egin dute”:
- Arizmendi Ikastola
- Arrasateko Askapena
- Arrasateko Neska Gazteak
- Arrasateko LAB
- Emun
- Maritxu Kajoi Komisiñua
- Santamas Komisiñua
- Portaloi elkartea
- Udalaxpe Txistulari elkartea
- Mundukide
- Loixe
- Arrasate Rugby Taldea
- Txikitxu-Arrostaitz
Aktibazioari dagokionez “mahaia eratu egingo dugu eta edozeinek izango du mahaia aktibatzeko aukera, funtzionamendu horizontala izango baitu”.
Mahaia “ez da mugatuko herrian gertatuko diren eraso edo egoeretara, nazio mailakoak ere herrira ekarriko baititu kontzientziazioa sustatzeko eta mobilizazioa antolatzeko”.
Bide honetan, “agerraldia egin daiteke Herriko plazan, Goienan gutun bat idatzi,…”. Sustatzaileek azpimarratu dute ekimena “eraikitzailea izango dela, ahal den neurrian, egoera konpontzeko bidea emanez, eskuzabaltasunez eta beste aldearen erantzunen arabera egokitzen, beharrezkoa bada estutzen”.
Ekitaldi honetan ere Iñigo Urrutia Unibertsitate irakasle eta legelariak hitzaldia eman du. Funtsean, egungo marko legalak herritarrei hizkuntza-eskubideak baliatzeko jartzen dizkien mugak aipatu ditu, baita zirrikituak azaldu ere.
Albistea osatzen gabiltza




