“Lehen sektorearen egoera oso larria da baina aldatzeko aukerak daude”

0
1016

Maite Aristegi eta Julen Abasolo baserritarrak ditugu, eta lehen sektoreak aurrera egiteko zenbait bide planteatu dituzte, Goienagusik antolaturik.

Goienagusi elkarteak antolatuta, gaur goizean ‘Lehen Sektorea kinka larrian’ hitzaldia izan da Kulturaten.

Aurkezpen lanak elkarteko Jose Mari Erañak egin ditu, eta moderatzaile lanak Pello Garai baserritar eta Arrasateko Udaleko Ingurumen arloko teknikariak.

Halaber, Maite Aristegi Larrañaga (Bergara) baserritarra dugu, baita EHNE Euskal Herriko Nekazarien Sindikatuko idazkari nagusi ohia ere. 2011tik 2015era parlamentari jardun zuen Amaiur Koalizioarekin estatu espainiarreko Kongresuan.

Maitek funtsean adierazi gura izan du “benetan, nekazaritza orokorrean egoera oso larrian dagoela. Elikadura sistemetan kezka asko daude eta krisi sistemiko batean daude, krisi klimatikoa, lehorteak,…”.

Baina aldi berean kinka larri honek “aldaketarako aukerak ematen dizkigu, izan ere, aukerak egon badaude. Nekazaritza sistema aldatu behar dugu, eta honetarako atzerapausoak ematea beharrezkoa da”:

“Hau da, azken urteetako intentsifikazio eta espezializaziotik Lurrari lotzera egin behar dugu, gauzak beste era batera egitera. Horretarako politika orokorretatik eragin behar da, baita lokaletik ere”.

“Pentsatu behar dugu gure plateretik hasten dela mundua, eta asuntoa ez da soilik nekazaritza bizimodu bat sostengatzea, baizik eta munduan gosetearekin bukatzea eta hobeto bizitzeko mundu bat egitea, nahikotasun batean bizitzeko”.

Gaurko ekitaldiko beste hizlaria Julen Abasolo (Aretxabaleta) izan da. Baserritar eta abeltzaina dugu, baita Behizain Eskolaren sustatzailea ere.

“Hainbat alditan teleberrietan eta albistegietan agertzen da nekazarien egoera larria dela, ez dela, prezioen gorakada,… Nik gure etxeko benetako egoera kontatzera etorri naiz hitzaldira”.

Esaterako, “iaz urte oso latza izan zen, hainbat faktorerengatik, baina orain egoera aldatu da. Hala ere, oro har lehen sektoreak arazoak ditu, besteak beste, erreleborik ez datorrela”.

Beraz, “desagertzeko bidean dagoen ogibide bat da, eta horrek larritu behar gintuzke. Izan ere, guk janari ekoizleak garenez, lanbide hau desagertuko bada, jan ahal izateko besteen menpe egongo ginateke, urrutiko menpekotasunarekin”.

Era berean, “egungo paisaiaren kudeatzaileok desagertuko bagara, paisaia aldatu egingo da. Hori alarmista izanda ere, errealitatea da gainbehera handia dela”.

Adibidez “lehengo abeltzain kopurua eta egungoa oso ezberdinak dira. Nolabait esateko, lehen 1.000 abeltzain izatetik 20 izatera jaitsi gara”.

Dena den, “badira izpi batzuk egoera hain larria ez dela adierazteko. Guk esaterako orain esnearen alorrean une polita bizi dugu, baina aldi berean beldur gara datorren hilean zer gertatuko”.

Baikortasunerako faktoreak ere izan badira: “abeltzain eskola egon badago, gazte banaka batzuk azaltzen dira, eta eurei bidea emanez, esperantza pixka bat daukagu”.

goienagusi.eus

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen