Obra honetan zanga bat ireki da zegoen zuntz-zementuzko hodi guztia ordezteko eta haren ordez galdaketa-hodi berri bat jartzeko.
Arrasateko Udalak amaitu ditu Garagartzan edateko ura banatzeko hoditeria-sarea berritzeko lanak. Amiantoa zuen zuntz-zementuzko hodi osoa aurkitzeko eta agerian uzteko luzetarako zanga bat ireki da, kendu eta galdaketa-hodi berri batekin ordezkatu ahal izateko. 800 metro hodi inguru aldatu dira, Fagor Etxetresnaken lantegi zaharretik hasi eta Kobateko sarbideraino.
Irailaren hasieran hasi zen obra, eta Bermeosolo S.A. enpresak egin du 368.844,94 euro + BEZeko aurrekontuarekin. Victoriano Fuentes Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez “hasiera batean ia kilometro bat hodi aldatzeko asmoa zegoen, baina obrak hasi zirenean, Aldundiak bi zati ordezkatu zituela ikusi genuen. Beraz, obraren kostua 308.000 euro + BEZa izan da azkenean.”
Fuentesek onartu duenez, “inbertsio horiek lurpean geratzen dira, eta agian ez dute beste esku-hartze estetiko batzuek duten errekonozimendu soziala, baina horrelako obrek zaintzen dute Arrasateko biztanleen osasuna. Inbertsio garrantzitsua da arlo ekonomikoan, baina bereziki arrasatearren ongizatea eta osasun ona bermatzeko”. Bestalde, azaldu duenez, “Meatzerrekan eta Gesalibarren aldatu beharreko hodi mota honetako zati batzuk geratzen dira. Gainera, ikerketa bat egingo dugu herriko beste toki batzuetan beste hodi batzuk aldatu behar diren aztertzeko. “




