“Auzotarren proposamenak jaso eta partidadun auzo-asanbleak proposatuko ditugu”

1
1241

Arrasate Podemos Ahal Duguren zenbait ordezkarik atzo iragarri zuten hauteskundeetan proposatuko dutela “urtero-urtero udal-aurrekontuetan auzo bakoitzak partida bana izatea. Partida horretan oinarrituta, Auzo-asanblada bat deitzea, eta asanbladan bizilagunek erabakitzea zein izango diren lehentasunak”. Martxoan eta apirilean “auzoetan izango gara auzotarrek guri euren proposamenak adierazteko, ondoren proposamen horiek gure hauteskunde-programan jasotzeko”.

Atzo arratsaldeko prentsaurrekoan iragarri zituzten bai auzoetan egingo duten akzio bat, bai hauteskunde-programako proposamen bat.

Proposamenari dagokionez, “historikoki Arrasaten politika erdigunetik auzoetara egin da, eta gure proposamena da, formula berriak aplikatuz, auzoetatik erdigunera egitea”.

Horretarako, Arrasate Podemos Ahal Duguk proposatuko du “urtero-urtero udal-aurrekontuetan auzo bakoitzak partida bana izatea. Partida horretan oinarrituta, Auzo-asanblada bat deitzea, eta asanbladan bizilagunek erabakitzea zein izango diren lehentasunak”.

“Adibidez, Auzo-asanbladak zehaztuko lituzke mugikortasun arazoak dauden auzoetan horren inguruko proposamenak, esaterako obra txikiak egiteko, edota auzo-kultur programa bat osatzeko. Erabakiak Asanbladak berak hartuko lituzke”.

Gaur egun “auzoek udal-aurrekontuetan partida bana dute jaiak antolatzeko, baina gure ustez hori gutxi da eta zaharkitutako formula da. Gure iritziz auzoek protagonismoa izan behar dute hemendik aurrera”.

Indar politiko honek proposatzen du “auzo bakoitzak duen biztanle kopuruaren arabera zehaztea auzo bakoitzaren partida”.

Bestalde, Podemos Arrasate Ahal Duguk atzo iragarri zuen hilabete honetan “auzoetan izango garela, astearte eta ostiral guztietan, auzotarrek guri euren proposamenak adierazteko, ondoren proposamen horiek gure hauteskunde-programan jasotzeko”.

Adibidez martxoaren 14an Erguinen izango dira, eta martxoaren 17an Santa Teresan, arratsaldeko 17:30etik 19:00etara. “Baserri-auzoetan ere izango gara, Udalan edota Bedoñan esaterako”.

“Apirilean ere auzoetara itzultzea asmo dugu, horrela, bizilagun batzuek martxoan euren proposamena etxean lasai pentsatu eta idatzi ondoren, apirilean guri auzoan bertan aurkeztu ahalko digute”.

Podemos Arrasate Ahal Duguk baieztatu du, “bizilagunen proposamen hauez gain, proposamen gehiago ere aurkeztuko ditugula hauteskundeetara”.

Balizko koalizio baten inguruan galdetuta, Podemos Arrasate Ahal Duguk erantzun zuen “Ezker Anitzarekin hitz egiten gaudela baina oraingoz ez dakigu akordioa lortuko dugun edo ez. Guk baietz espero dugu, izan ere Herriarendako onena litzateke”.

Atzoko prentsaurrekoan izan ziren herritarrek hauteskunde-zerrendan parte hartuko dute “eta herritar askoz gehiago ere izango dira zerrendan, Herrian militantzia handia aurrera eraman dutenak. Aurrerago emango dugu jakitera hauteskunde-zerrenda”.

Iruzkin 1

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen