Elkarte arrasatearrak ikertu egin du, faxismoaren ondorioz, Gipuzkoatik erbesteratu behar izan zituzten neskatila-mutikoen inguruko memoria. Biktima hauen aldeko ekitaldia martxoaren 18an egingo da.
Argazkia: Aldundia.
Estatu kolpe faxistaren eta ondorengo gerraren ondorioz, Gipuzkoako gutxienez 10.232 neskatila-mutiko erbesteratu behar izan zituzten.
Honen inguruko ikerketa egin dute Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horretarako ikerlariek “Europa osoko hainbat artxibotan bilatu eta erbesteratuen eta haien senideen testigantzak eta datuak jaso” dituzte.
Lan honen ondorioz, Intxorta 1937k “10.232 kasu identifikatu ahal izan ditu: 5.053 gizon eta 4.960 emakume. Gaineratu dutenez, azterketa amaitu bada ere, izen berriak aurkituz gero, prestatzen ari diren datu-basean sartuko dituzte. Datu base hau datozen asteetan argitaratuko dute foru erakundearen webgunean”.
Ikerlariek baieztatu dutenez “gerrako umeek larriki pairatu zituzten gatazkaren ondorioak, oso gazte izanik erbestera ihes egin behar izan baitzuten”. Gipuzkoako 56 udalerri identifikatu dira adingabe horien jatorri gisa, eta beste 246 pertsonen inguruan ez dago informaziorik.
“Erbesteratutako haur gehienek Donostiatik (3.681), Irundik (1.590), Hondarribitik (609) eta Pasaiatik (571) ihes egin zuten. Bina kasu ere aurkitu dira Abaltzizketan, Elgetan, Lazkaon eta Zegaman, eta kasu bana Altzon, Zizurkilen, Zaldibian eta Asteasun”.
Gehienak Frantziar Estatura eraman zituzten (4.840), Kataluniara (4.155), Belgikar Estatura (580), Sobietar Batasunera (465) eta Erresuma Batura (312). Batzuek Europatik kanpo aurkitu zuten babesa, eta beste batzuek Espainiar Estatuan:
Valentzia eta Madril (26) eta Amerikan: Mexiko, Venezuela, Argentina, Txile edo Uruguai (64). “Gainera, beste 459 haur ere identifi-katu dira, baina ez da haien helmugei buruzko informaziorik aurkitu”.
Hala eman zuten jakitera atzo prentsaurrekoan Intxorta 1937 Kultur Elkarteko bi ordezkarik, Julia Mongek eta Josu Chuecak, eta Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren foru-zuzendaria Ion Gambrak.
Haur hauek guztiek “beldurra, bonbardaketak, senideengandik eta hurbilekoengandik urruntzea eta, azkenik, gurasoen babesa atzean utzita erbesteratu beharra” sufritu zituzten. “Asko eta asko ez ziren Euskal Herrira itzuli”.
Ion Gambrak adierazi du gerrako umeak “pieza garrantzitsua direla gure herriaren eta gure lurraldearen memoria historikoa eraikitzeko”.
Ildo honetan “zalantzarik gabe, errekonozimendua merezi dute, funtsezkoa da azaleratzea, errealitate hori ezagutaraztea eta pertsona horiek pairatu zuten sufrimendua aitortzea”.
“Memoria beharrezko balioa da kultura benetan demokratikoa eraikitzeko, elkarrekiko errespetuan eta bizikidetza baketsuan oinarritua, baita iraganeko akatsetan ez erortzeko ere”.
Gerrako umeen memoria berreskuratzeko ahalegin honetan, “duela bi urte lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Helburua gerran jaiotako haurrak identifikatzea izan da: jaioterria, izen-abizenekin eta, posible izan den kasuetan, beren argazki bat eta historia labur bat lortzea”.
Azterlana amaitzearekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak gerrako umeen oroimena aitortzeko eta aldarrikatzeko ekitaldia antolatu du. Ekitaldia martxoaren 18an, larunbata, izango da, 11:30ean Kursaalean, eta omenduez gain, Markel Olano ahaldun nagusia arituko da.
Orotara, ekitaldira “400 pertsona inguru gerturatzea espero da. Hain zuzen ere, oraindik bizirik jarraitzen duten gerrako umeak omenduko dituzte, eta guztira 144 pertsonek jaso dute ekitaldira joateko gonbidapena”.
“Litekeena da kopuru hori are handiagoa izatea. Hori dela eta, gerrako haurren batek bizirik jarraitzen badu eta omenaldira joateko gonbidapena jaso ez badu, Aldundiarekin jar daiteke harremanetan 943 11 39 65 telefono zenbakian”.




