Energia berriztagarriek aurrera egiteko egoitza ireki du Goienerrek

0
1394

Kooperatiba honek 10.000 bazkideen langa gainditu zuen 2019an. Herritarrei arreta emateko bulegoa zabalik da honezkero Zerkaosteta kalean.

Euskal kooperatibak gaur arratsaldean Arrasateko egoitza berria inauguratu du, Goizalde kafetegiaren ondoan, Zekaosteta kalean.

Zerbitzu honetako arduradunek euren buruak aurkeztu dituzte, eta ondorengo lagunek osatzen dute lantaldea:

Eider Murgoitio: Arrasatearra, 5 urte daramatza Goienerren lanean, barne-prozesuak eta boluntarioen dinamizazioa kudeatuko ditu.

Oier Etxebarria: Aretxabaletarra, 2 urtetik gora daramatza Goienerren lanean, energia-komunitateak kudeatuko ditu.

Aratz Arregi: Oñatiarra, 2 hilabete daramatza Goienerren, eta arreta zerbitzua emango du Arrasateko egoitza berrian.

Leire Astigarraga: Oñatiarra, 2 urtetik gora daramatza Goienerren lanean, merkatuaren kudeaketaz arduratuko da.

Egoitza berri hau zabalik dago herritarrentzat oro har, baita noski bazkide nahiz boluntarioentzat ere. Aipatzekoa da 10.000 bazkideen langa gainditu zuela kooperatibak 2019an.

Goienerrek azpimarratu du “energia berriztagarrien komunitateak, energia-komunitateak sortzea dela hurrengo pausua, Goienerren printzipioak eta baloreak herritarrengana iritsiz, herritarrek energia-komunitateak sortzea lortzeko”.

Bide honetan, orain arte nazioko 26 herritan daude prozesuak martxan: “8 herritan honezkero kooperatibak eratuta daude, beste 8tan datozen bizpahiru hilabetetan eratuko dira, eta beste 10 herrietan komunitateak sortzeko laguntzen gabiltza”.

Laguntza honi esker “guk herritarrak ahalduntzen ditugu, formatzen ditugu, eurek sor ditzaten euren kooperatiba, euren komunitatea, gero kooperatiba-komunitate horiek proiektuak egin ditzaten”.

Proiektu hauek “baliabide ezin hobeak dira, burujabetza eta ahalduntze bidean, sistema energetikoa aldatzeko eta eraldatzeko”.

Gaur arte Goienerren jendaurreko bulego hurbilenak Ordizian eta Gasteizen genituen. Alabaina, hemengo bulegoan baziharduten hiru langilek, eta Goiener kooperatiba izanik, Arrasaten egoitza irekitzea erabaki zuen.

Aurrez ikerketa bat egin zen duela 5 urte inguru erabakitzeko Euskal Herriko zein herritan ireki behar zen jendaurreko bulego berria. Inaugurazioan luntx goxo bat ere izan da, eta bihar ere egoitza berriak zabalik izango ditu ateak, pertsonei arreta egiteko prest.

goiener.com

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen