Santamasetako egitaraua ekitaldiz eta berritasunez beteta dator

0
1803

Santamas Komisiñuak aurtengo Santamas eguneko egitaraua jakitera eman du. Ekitaldiz eta berrikuntzaz betetako egitaruau zabala da. Aurkezpenean Arrasateko Trikitixa eskola, Arrasateko Udala eta Santamas Komisiñoko kideak egon dira.

KARTELA

Aurtengo kartelak Iban Galan “desegin” ilustratzaile arrasatearrak sortu ditu. Hiru kartel egin ditu aurtengo Santamaserako. Kartel bakoitzak atzean zer esan bat du, baita ere, helburu bat. Galanen hitzetan “aurtengo Santamasetako kartelen hiru bertsio hauetan, jaixak helarazten dituen baloreak islatzea nahi izan ditut. Irudikatutako elementuak metafora bezala erabiliz.

BERDINTASUNA (Zapixa): Gizon zein emakumeek erabiltzen dugun apaingarrixa.

ANIZTASUNA (txapela): Santamas jaixetan parte hartzen duten kultur taldeek eta dauzen ekintza guztiak batzeko, txapela eta beronek janzteko dituen modu ezberdinak ordezkari gisa erabilia izan da.

INTEGRAZIOA (abarkak): Gaur egun, Arrasate osatzen dugunok, zonalde ezberdinetakoak garelako eta jai-egun honetan parte hartzeko danontzako tokixa dagoelako, baita belaunaldi berrixei be Santamas eguna ta euskal tradizioetan barneratzeko aukera ederra dalako.

Olerkixak irudi bihurtzen diren kartelak dira.”

GANADUAREN AZOKA

2022ko berrikuntza nagusia Mikel Velasko artzain arrasatearrak artile mozketa erakustaldia egingo duela da. Hau bi txandatan burutuko du gazteak: lehenengoa, goizeko 11:00etan eta bigarrena, 13:00etan.

Tamalez, aurtengo azokan ezingo dituzte inguruko baserrietatik hegaztirik erakusgai aurkeztu. Beraz, urteroko ganadu eta hegazti azoka, soilik ganadu feria izango da 2022ko abendukoa. Hau horrela izatearen arrazoia da hegazti gripea. Gauzak horrela, aldatuko ez dena ganaduen erakusketa Arizmendiarrieta plazan izango dela da. Urtero legez, behiak, pottokak, moxalak, behorrak, idiak, astoak, ardiak izango dira ikusgai.

HERRI-KIROLAK

Aurtengo berritasuna Euskal pentatloi desafioa izango da. Bertan, bi bikote mixtok parte hartuko dute Zaldibarren, urtero lez:

Parte-hartzaileak: Karmele Gisasola eta Aratz Mugertza vs Julen Kañamares eta Uxue Ansorregi izango dira.

Pentatloiaren 5 probak:

  1. Harrijasotze proba. Gizonek 90 kg eta emakumeak 50 kg-ko bola izango dute aurkari.
  2. Aizkora. Bikote bakoitzak 4 kanaerdiko lanari aurre egin beharko dio.
  3. Txingak. 4 plaza bete beharko ditu kirolari bakoitzak. 50 kg zamarekin gizonek eta 25ekoa emakumeek.
  4. Korrika. 25 buelta osatu beharko dituzte kirolariek.
  5. Giza probak. Lanak aparte bete beharko dituzte. Gizonek 400 kg-ko zamarekin eta 250 kg-koa emakumeek. Bi plaza bete arte.

Lehian irabazlea hautatzeko, proben denboren batura egingo da. Eta horrela, Santamasetako lehen pentatloiaren bikote irabazlea nor den zehaztuko da.

Hortaz gain, erakustaldia betetzeko motozerra tailak egingo ditu Peio Kañamares Naparrak. Hori gutxi ez eta trontza txapelketa herrikoia ere izango da Zaldibarren.

ARTISAUTZA AZOKA

“Euskal kulturaren parte garrantzitsua den nekazal mundua kalera ekarriz, ohitura eta tradizio zaharrak egungo jendartearen gurpil zoroan irakasgai izan daitezkeela sinesten jarraitzen dugu eta batzuetan desagertzen, bestetan eraldatzen zein egokitzen doan mundu hori ardatzean jartzen saiatzen gara.”

Artisautzari dagokionez, bi dira nabarmendu beharrekoak:

1. azoka:

1978. urteaz geroztik antolatzen du Santamas Komisiñuak artisauen azoka, iragan eta geroko lanbide zaharrak balioan jarri eta sustatzeko asmoz. Artisauek nola lan egiten duten ikusteko aukera egongo da eta baita euren lanak salerostekoa ere.

Berezitasun bezala Forja erakustaldia egongo da bertan. Azokan metalaren formaren eraldatze prozesu desberdinak ikusteko aukera izango du ikuslegoak, bertan forjaren oinarrizko teknikak garatuko direlarik.

2. tailerra:

Artisautzarekin lotutako tailer bat antolatu dute abenduaren 17rako, Kulturaten:

Familian izan, jolastu, gozatu eta sortu! Kurunkunen eskutik. 10:00-13:30ak bitartean. 5-12 urte bitarteko umeentzat zuzendua (heldu batek lagunduta). “Gabonak badatoz eta gure haurrekin gozatzea oparirik ederrena izan daiteke. Larunbateko tailer dibertigarri honetan familia bakoitzak artelan bitxi eta koloretsu bat sortuko du musika eta jolasak medio. Zatozte zuen familia sormenez beteriko modu berezian irudikatzea!Gogoratu! Hamaiketakoa ekarri eta baita ere margoarekin zikindu daitekeen arropa ere! Eta etxean ez ahaztu ondo pasatzeko gogoa!”

TXERRIAREN AURKEZPENA ETA ERRIFA SALMENTA

Herritarren babesa eta bultzada ezinbestekoak dira honakoa bezalako egitarau bat prestatu eta antolatzeko. Zentzu horretan, txerri zozketa eta errifa salmentaren garrantzia azpimarratu nahi dituzte, ezinbestekoak direlako Santamasak antolatzeko. 500€tako saria irabazteko aukeraz gain, jai herritar hauei bultzada emateko modu zuzenena dira.

Aurtengo txerriaren izena “TXERRINSKY” da eta 180 kilo inguru ditu, ama euskal txerria eta aita mestizoa izanik, duela gutxi txerrikumeak izan dituenez, argal dator 3 urte dituen txerria. “Zaloña Aurrekoa baserriko Ibai Alberdi jabearen arabera, oso lasai eta maitagarria da. Herritar guztiak txerria ezagutzera etorri eta errifak erostera gonbidatu nahi ditugu beraz!”

HERRI BAZKARIA

Aurten 4 dira gogoan izan beharreko puntuak:

  • Bazkarirako tiketak abenduaren 13an salduko dira Uarkapeko frontoiaren leihatilan 19:00etan. Erosle bakoitzak 5 tiket erosi ahalko ditu gehienez. Bazkariaren prezioa 22€ dira.
  • Bazkaria Musakolako kiroldegian izango denez, aurten ere, autobus zerbitzua eskainiko da dohainik.
    • Maalatik – Musakolara: 14:00-14:45 bitartean, autobusa joan-etorrian ibiliko da.
    • Musakolatik – Maalara: 17:30-19:00 bitartean, autobusa joan-etorrian ibiliko da.
  • Legeak hala behartuta, aurten aforo kontuek garrantzia hartu dute bazkarian. Hori dela eta, bazkari gunera sartzen den pertsona orok bazkariko tiketa izan beharko du. Bazkaldu edo ez, adina dena delakoa izanda ere, bazkariko gunera sartzeko tiketa izatea ezinbestekoa izango da.
  • Bazkalostea, ohitura bihurtu den moduan AZ Gaubelak bikoteak alaituko du.

OLENTZERO

Aurten ere Olentzero euskal mitologiaren mundu magikoan kokatzen duen ipuin kontaketa izango dute txikienek gozagarri. “Olentzero Kuttun” kontakizuna Kulturateko eraikinean egingo da abenduaren 16an.

Aukerarik ere egongo da Olentzeroren gutunak hartu eta emateko. Gutunak eskola eta ikastolan banatzeaz gain, abenduaren 17an banatuko dituzte Txoronpio eta Txoronpiak Herriko Plazan Galtzagorrien laguntzarekin.

Hortaz gain, gutunak jaso ere egingo dira. Abenduaren 24 goizean Arrasateko kaleetan zehar:

11.20 : Munar

11.40 : Uribe auzoa (goiko plaza)

12.00 : San Andres (Kurtze txiki plaza)

12.20 : Aprendices plaza (etxaflero bako gunia)

12.40 : Musakola (San Isidro eliza ondoan)

13.00 :Santa Teresa (plazan)

13.30 :Seber Altube plaza

Abenduak 24ko eguna amaitzeko, Olentzeroren karroza ibilaldia ere izango da ikusgai Zigorrolatik hasi eta Herriko Plazan agurrarekin amaituz.

“BASERRITAR JANTZIA, ZER ETA NOLA JANTZI” HITZALDI TAILERRA

EKIN emakumeak taldeak antolatuta, “Baserritar jantzia, zer eta nola jantzi” hitzaldi tailerra izango da abenduaren 14an, Kulturateko areto nagusian, arratsaldeko 18:30ean.

Bertan, Ane Albisuk baserritarrez egoki nola jantzi azaltzeaz gain, festarako azken 100 urteotako jantzi eta janzteko moduaren garrantziari buruz arituko da. Ane Albisu tradiziozko jantzietan aditua da, Ikerfolk-eko partaidea eta Atondu liburuaren egilea.

Egitarau osoa

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen