Arrasate Bluesek aurrera jarraitzen du, emakumeen ahots eta doinuen artean, Animal Jane abeslari eta gitarra-jolearekin esaterako.
Bi hamarkadatako esperientzia musikala eskaini du musikariak gaur eguerdian Portaloian, Monte Tabernatik hurbil.
Bere ibilbidea jarraitu dutenek azaltzen dute Animal Jane gehienbat rock estiloko talde ezberdinetan aritu dela, konpositore, gitarra-jole, eta batez ere, abeslari bezala.
Hainbat eta hainbat kontzertu eman ditu han eta hemen, bai formatu akustikoan, baita elektrikoan ere. Bilbao Hiria Pop Rock lehiaketan parte hartua du, baita Aste Nagusian ere, eta ohikoak dira bai estudioan eta bai zuzeneko emanaldietan beste talde batzuekin egindako kolaborazioak.
Halaber, azaldu dutenez musika beltzaren iturritik edaten du, rock klasikoaren eta alternatiboaren eraginak dituen arren.




