Estitxu: “Edozein pertsonarentzat kontzertu atsegina egingo dugu Portaloian”

0
941

Arrasate Blues jaialdiaren baitan abeslari beratarrak kontzertua emango du domekan. 5 urte egin zituen Arrasaten, eta bertaratzen “naizen bakoitzean ilusio berezia egiten dit”.

Arrasate Blues-eko asteburu potenteena hastear da, eta domekako kontzertuetako batean Estitxu Pinatxo Olaziregi zuzenean arituko da Portaloian eguerdiko 12:00etan musu truk.

Zelan definituko zinateke pertsona, abeslari eta musikari gisa?

Pertsona mugitua naizela esango nuke, alor ezberdinetan ekinean aritzea gustuko dut. Irakaslea naiz ogibidez, Berako Kultura zinegotzi dihardut eta irratian ere aritzen naiz, besteak beste.

Izaerari dagokionez, kontraesan batzuk dauzkat, aldi berean lotsatia eta irekia bainaiz. Behin ezagututa, pertsona alaia naiz.

Abeslari edo musikari gisa ere mugitua naiz, ekimen ezberdinetan aritu naiz eta estilo anitz ukitu ditut. Duela bi urte bakarkako ibilbideari ekin nion, eta banuen beldur puntu bat lidergoari zegokionez, baina ausartu egin nintzen eta nire estiloari jarraiki ibilbidea egiten nabil.

Arrasaten urte batzuk bizi izan zinen ezta?

Bai, Bergarako Herri Eskolan 5 urte egin nituen irakasle, eta 5 urtez Arrasaten bizi izan nintzen. Arrasaten lagun onak ditut, koadrila daukat eta eskualde horretan hara hona ibili gara proiektu honekin azken bi urteotan. Arrasatera noan bakoitzean ilusioa handia eragiten dit.

Zein abesti eskainiko dituzu igandeko emanaldian?

2019ko azaroan nire lehenbiziko diskoa argitara eman nuen, ‘Haize gorri batek’, eta bertako kantu batzuk eskainiko ditugu kontzertuan, baita diskorako prestatu baina azkenean sartu ez ziren kantuak ere. Bertsio bat gutxienez ere eginen dugu, soul-blues kutsukoak.

Zein dira zure abeslari gustukoenak?

Gehienak emakumezkoak dira, seguruenik emakumeok ahots femeninoetan gehiago fijatzen garelako. Emakumezkoak eta musika beltza landu dutenak, diba handi batzuk:

Etta James, Aretha Franklin eta Nina Simone oso gustuko ditut, eta aktualagoen artean Beth Hart edota Danielle Nicole. Erran nahi nuke, beratarra izanik, bertan mugimendu musikal handia dagoela, eta bertako musikari handiek musikaz ‘kutsatu’ izan nautela.

Ziurrenik nire erreferente handiena Petti da, familiakoa dut, eta nire estiloa berera gehien hurbiltzen da.

Beno Estitxu ba zerbait gehitu nahi duzu?

Portaloiko kontzertuan giro goxoa sortuko da, eguraldia lagun, edozein pertsonarentzako kontzertu atsegina izango da.

Estitxu Youtuben

Arrasate Blueseko kartelera

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen