Itziar Yague: “Arrasate Blues da emakumeak lideratutako talde gehien dituen jaialdia”

0
1354

Blues abeslariak Arrasaten eman zuen haurtzaroa, eta ostegun honetan herrira itzuliko da, kontzertua emateko Herriko plazan, Itziar Yagüe Quinteto gisa: “Oso hunkigarria eta berezia izango da”.

Bideoa: Itziar Yagüe.

Itziar Yague musikagilea, besteak beste, 2018ko Gasteizko Jazzaldiaren programazio paraleloan, Madrilgo Thyssen Museoaren XXV. urteurrenean, eta Gospel & Blues Ciudad de Talavera 2020 Jaialdian aritu da.

“Musikagile izateak izugarri zoriontsu egiten nau, eta bizitzako esparru honetan sentitzen dut nire burua libreen eta errealizatuen”.

Itziar Arrasaten bizi izan zen 13 urte izan arte, eta “haurtzaro zoriontsua izan zen. Mesedeetako Ahizpen ikastetxera nindoan, Jesusirekin musika ikasten nuen eta Arrasate Musikalen balleta egiten nuen”.

Hortaz gain, “Aretxabaletako koruan abesten nuen”, eta garai hartan “ez nuen musika ogibide izatea amesten, baina zalantza barik musika oso present izan zen nire haurtzaroan, eta hala jarraitu du nire bizitzan zehar”.

“Arrasateri buruzko nire azken oroitzapenak 1987ko San Joanak dira, Herriko Plazan bertan dantza egiten, hain zuzen, kontzertua ostegunean emango dudan leku berean. Ez nuen hori aurreikusten”.

Arrasate Blues-eko kontzertuan “batez ere ‘Delicious’ diskoko abestiak eskainiko ditugu, hau da, nire lehenbiziko diskoko kantuak, 2020ko irailean argitaratua. Nik sortutako abestiak dira blues klasiko, gospel, swamp, eta abar alorretakoak”.

Gainera, emanaldian zehar ere plazaratuko dituzte “nire datorren diskoko abestiak, orain horiek grabatzen dihardut, Greg Izor bluesman texastarraren eskutik”.

Itziarren artista gustuekoenak “emakumezko abeslari handiak dira, izan ere, nire erreferenteak ahots, presentzia eta izaera handiko emakumeak dira. Bessie Smith-ek liluratzen nau, gehien liluratzen nauen emakumea da. Baina nigan eragin handia dute ere Aretha Franklin, Dinah Wahington, Etta James edota Ruth Brown-ek”.

Itziarrek oso ondo iristen dio Arrasate Blues bezalako jaialdiak antolatzea: “Arrasate Blues jaialdi eredugarria da: ez dut Penintsulan beste jaialdirik ezagutzen emakumeak buru duten hainbeste talde dituena”.

“Hori mugarri bat da, bai blues jaialdietan, baita beste genero batzuetako jaialdietan ere. Eta gainera talde oso onak ditu kartelean. Oxala beste hainbat jaialdik gauza bera egitea”.

Itziarrek iragarri duenez “ni Arrasaterekin berriro elkartzea oso hunkigarria eta berezia izango da, oso urduri nago eta osteguna noiz iritsiko irrikitan nago. Mila esker Ibai-Arteri aukera honengatik”.

arrasateblues.com

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen