Arrasateko talde hau 14-15 urte zituztela sortzen hasi ziren, eta trebatzen joan dira. Egun 10-11 abesti propio dituzte, eta maketa “irailean grabatzen hasteko asmoa daukagu”. Bihar, ekainak 23, Txosnagunean joko dute, Libertad Condicionalekin batera.
Argazkiak: Oihan Loiti Iraola.
14-15 urte inguru zituztela, Andoni eta Unax musika egiteko gogotsu zeuden, duela hiru urte inguru: “Ez genekien instrumentuak jotzen baina musika egiteko gogo handiak genituen”.
Instrumentuak lortzeko, Andonik “nire lehengusu gitarra-joleari gitarra eskatu nion” eta Unaxek “nire izebari gitarra espainiarra eskatu nion, urte mordo bat jo barik zegoena”.
Txatxilipurdik Musakolako Gaztetxokoan jotzeko aukera eman zien, “eta eskertzen dugu, orduan (14-15 urterekin) diru nahikorik, materialik eta entsegu-lokalik ez genituelako”.
Taldearen lehenbiziko entseguak Unax eta ‘Ando’k egin zituzten. Garai hartan ‘Iturri’k eta Oihanek beste talde batean jotzen zuten, eta “Musakolako entsegu batean kointziditu genuen, eta ondorioz hurrengo entseguan ni [Oihan] baxu-jole sartu nintzen”.
Manex taldean sartu zen “Gaztetxokoko Libertad Condicionalen kontzertu baten ondorioz. Izan ere, Libertad-eko abeslariak ikus-entzuleok gonbidatu gintuen oholtzara igotzera eta instrumentu bat jotzera”.
“Ni [Manex] animatu ninduten eta abesti batzuk jo genituen. Ondorioz, galdetu zidaten ea talde honetan parte hartu nahi nuen eta baietz erantzun nien”.

Rebel Noiseko taldekideek “ez genuen aurrez elkar ezagutzen, bistaz bai, baina gehiago ez”. Oihan baxujolea taldean sartu zenean “bi aste baino ez ziren falta jendaurreko lehen saioa emateko, eta gainera ez genuen abeslaririk”. Horren harira, Iturrik taldearekin bat egin zuen.
Lehen saioa “Arrasateko Gaztetxean eman genuen, Gazte-talent ekitaldian, eta artean taldeak izenik ez zuenez, ‘Musakolako musikariak’ deitzen gintuzten”.
“Ez zen kontzertu bat izan, hiru abesti jo genituelako, eta gero, Txatxilipurdik eskainita, duela urte batzuetako Sanjoanetan, beste saio bat egin genuen Kulturateko atzealdean. Orduan 6 abesti jo genituen”. “Lehenengo benetako kontzertua Elkartasun Egunean eman genuen, DATen”.
Arrasateko talde honen letrak “euskaraz egiteko hautua egin genuen hasieratik, baita berez horrela sortzen zaizkigulako ere”. Horretaz Andoni eta Unax arduratzen dira.
“Letrak batez ere arazo sozialen ingurukoak dira, denok izaten ditugun arazoak baina kontatzen ez direnak. Ez dugu politika asko ukitzen, asko askatasunaren ingurukoak dira, utopikoak, eta orokorrean letra ilun eta goxoak ditugu”.
“Laguntasunaren ingurukoak ere baditugu noski, Arrasatekoak izanda… Oxel Arriaranek letra bat idatzi digu, eta gurekin askotan ibiltzen da, taldeko managerra da”.
Rebel Noisek “gure erreferente handiak diren Never Surrenderren lokalean entseatzen dugu. Baita hemengo beste talde asko ere: Des-kontrol, Enboskada, Dirty Brothers,… Baita kanpokoak ere”.
Taldekideen artean “gustu berdinak eta ezberdinak ditugu. Ez ditugu etiketak gustuko, baina nolabait definitzeko punk barruko estilo ia denak jotzen ditugu: abesti batzuk ilunxeak dira, beste batzuk melodikoagoak,…”.
Covidaren pandemiaren ondorioz hainbat kontzertu bertan behera geratu zitzaizkien, baina garai hau baliatu dute “gure abesti gehiago sortzeko, beraz, hein batean mesede egin digu. Ondorioz, lehen hiruzpalau abesti genituen eta orain 10-11 dauzkagu”.
Beraz, “hemendik aurrerako zuzenekoetan gure kantu gehiago joko ditugu”. “Hilabete asko zuzenean jo barik egon ostean, bihar (ekainak 23) ezohiko Sanjoanetan Txosnagunean joko dugu eta irrikitan gaude”:
“Biharkoa egun polita izango da, eta euria egin arren, ziur gaude gertaturatzen direnek ondo pasatuko dutela. Libertad Condicionalekin joko dugu, eurekin orain arte bitan jo dugu, eta guretzat anaiak bezalakoak dira. Arazoren bat daukagunean laguntza ematen digute”.
Gainera biharko kontzertua “eszenatoki batean izango da, orain arte tabernetan edota gaztetxean jo dugulako. Txosnaguneko eszenatokiak errespetu handiagoa eragiten digu”.
Aurrerago begira “uztailerako hainbat kontzertu hitzartuta dauzkagu. Orain arte inguru honetan jo izan dugu, baina gura dugu kanpoan jotzea ere, besteak beste, jende berria ezagutzeko eta eurak gu ezagutzeko”.
Oraingoz ez daukate maketarik baina “irailean grabatzen hasteko asmoa daukagu, eta beraz zaleak adi egon daitezela gauza berriak ekarriko ditugulako”. Egurra Rebel!





GORA REBEL NOISE!