EH Bildu: “Ekobulebarrari alternatiba Laubide da”

2
2139

Bideoa: EH Bildu / Beheko testua: Iker Murillo.

Ekobulebarraren egungo proiektuaren eta horren inguruko guztiaren inguruan dauden zalantzak agertu nahi izan dituzte gaur EH Bildu-tik. Izan ere, nahiz eta gaur egun EAJ buru duen gobernu-taldearen legealdiko proiekturik nabarmenetako bat izan, EH Bildu Arrasatek uste du zalantza asko daudela oraindik mahai gainean: “Obrak hasiak diren arren, proiektua eraikuntza enpresa bati esleitua izan zaion arren eta obraren zati batzuk martxan dauden arren, datuen dantza eta udal gobernutik ematen den informazio nahasgarriak sortzen duen ezinegona geroz eta handiago da Arrasatearron artean. Egoera nahasia bada ere, Arrasateko EH Bilduk Laubide proposamena jarri nahi du mahaigainean beste behin ere; Ecobulebar deituriko proiektuaren aurrean alternatiba berde, berritzaile eta erosoa delarik”.


Zalduspeko bus geltokia
EH Bilduren iritziz, zalantza gehien sortzen dituen puntuetako bat Zalduspeko behin-behineko geltokia da, gaur egun ospitalearen ondoan eraikitzen ari direna, eta oraingoz behintzat, behin-behinekoa da: “Ecobulebarreko obren diseinuan agertzen ez bazen ere “behin behineko” izaeraz Zalduspeko bus geltokia eraikitzen ari da Udal Gobernua herritarron harridurarako. Ikuspegi estrategiko barik hartutako erabaki inprobisatu honek nahasmena eta haserrea piztu du autobus erabiltzaile andanaren artean”.


Izan ere, oposizioko alderdi nagusiaren iritziz, autobus geltokiaren kokaleku berri honek eragozpen ugari ditu: “Zalduspeko geltokiak hartuko duen espazioak kotxeentzako aparkaleku ugari galdu araziko ditu. Ospitale inguruko erabiltzaileen kexen ostean, beste aparkaleku berri bat eraikitzekotan da udal gobernua, Txaetako etxeetan dagoen berdegune bakarraren gainean. Honek, ezinbestean zeharkako gastu gehigarriak eragingo dizkio Ecobulebarreko proiektuari. Zegokion momentuan eskatu genuen “putzuko etxeetan” solairu bat gehiago egitea zonalde horretan zegoen aparkaleku beharrari erantzuteko. Beharrik ez zegoela argudiatuta udal gobernuak gure proposamena atzera bota zuen eta orain estrategia gabeko politiken ondorioak pairatzen ari gara”.


Gobernu-taldea egiten ari den Ekobulebarraren proiektuan, Bus geltokia Garibay inguruan kokatuko da. Hori dela eta, oposizioaren ustez, autobus-geltokia Ekobulebarrak planteatzen duen lekuan jartzea akatsa izango litzateke: “Espero eta eskatzen dugu udal gobernuak kontuan izan dezala Jokin Zaitegi eta Garibaiko bizilagunen gehiengoaren iritzia. Horretarako, duela 3 hilabete eskatu genuen bezala, gaur berriro eskatzen dugu Ecobulebarreko obrentzat moratoria bat. Garai hartan esan bezalaxe gaur egun ere uste baitugu Ecobulebarra proiektu gisa zaharkituta dagoela Arrasatek dituen erronkak kontuan baldin baditugu behintzat”.

Nafarroa etorbidea
Alderdiaren hitzetan, Garibairen itxierak trafikoari aparteko karga ekarriko lioke Nafarroa etorbidean. Hori dela eta, kale honen erabileraren alternatiba bat proposatu nahi izan dute: “Ecobulebarraren planteamenduak beste arazo batera garamatza, alegia, Nafarroa Etorbideak izugarrizko trafikoa jasango duela. Kontuan izan behar dugu ingurune horietan JAME, haurrentzako Zaldibarreko parkea eta Kulturola daudela, besteak beste. Trafikoaren birmoldaketa batek, hots, trafiko motordunentzat noranzko bakarreko errail bat Nafarroa etorbidetik jartzea eta beste bat Zerrajerako etxeetatik planteatzea, zona horretarako irtenbide integral bat izan daitekeela deritzogu. Birmoldaketa honekin, espazioa irabaziko baikenuke aparkamendu gehiago egin eta bidegorri sare sendoago bati bide emateko (Laubide proiektuan, geroxeago, argi ikusiko dugun bezala)”.

LAUBIDE PROIEKTUA, Arrasate hobetzen jarraitzeko alternatiba:
Horren harira, EH Bilduk hainbat proposamen egin nahi izan ditu, proiektu berria barne hartzen dutenak: “EH Bildu proposamen bat luzatuz eta jarrera eraikitzailearekin udal gobernuari ordezko proiektu bat eskaintzen diogu, lankidetzan aritu asmoz eta herritarren interesak erdigunean jarriz. Bizilagunen interesak erdigunean jarrita irtenbideak eskaintzen dizkio Arrasateko zonalde honek mugikortasunaren gaian gaur egun dituen erronka nagusiei”:


Laubide proiektu/proposamen nagusiak aurkeztuak ditu Arrasateko EH Bilduk eta honakoak dira:

  • Garibai etorbide osoa peatonalizatua geldituko litzateke, dagozkien garajeen sarrera- irteerak bermatuz.
  • Iturbide egoitza parean espazioa zabal bat egokituko litzateke berdegune zabal baterako aukerak zabalduz.
  • Laubideko proiektu/proposamenean Bus geltokia erdigunean kokatzen da, herritarren erosotasunerako eta garraio publikoa bultzatu asmoz. Bus geltoki honek ahalik eta zerbitzu gehienak edukitzea aurreikusten da, hala nola, jan eta edateko zerbitzua eta busen ordutegiak kontrolatzeko panel informatibo digitalak izatea, besteak beste. Ez da baztertzen lur-azpiko bus geltoki baten aukera, bizilagunekin egon ostean aukera hau guztiz zabalik gelditzen da. Horretarako ezinbestekoa ikusten dugu gaur egun Udal Gobernua osatzen duten kideekin elkarlanean, Arrasateko etorkizuna finkatuko duen azpiegitura garrantzitsu honen bideragarritasun ekonomikoa elkarrekin lantzea.
  • Nafarroa etorbidea pertsonentzat ireki eta ibilgailuen joan etorria erdira murriztuko litzateke.
  • Biteriko haur parkea Grupo San Joaneraino zabalduko litzateke, auzune hau erdigunera “hurbilduz” eta gaur egun daukan arkitektura mantenduz, bertako bizilagunek eskatu bezala.
  • Laubide proiektuak bidegorri sendo bat planteatzen du herrian oinezkoek eta ibilgailu ez-motordunek bere espazioak berreskuratu ditzaten.
    Ezin dugu ahaztu Laubide proiektu/proposamena Arrasaten lan eta bizi diren herritarrekin landutako proiektua dela eta begirada horrek eragiten duela proiektu/proposamen hau erosoa eta hurbilekoa izatea.  Argiago ikusteko, horra Laubide proiektu/proposamenak eskaintzen
    dituen abantailak bideoan:
    http://www.laubide.eus/es/


Azkenik, eskerrak eman nahi izan dizkiete proiektu berri hau egiten lagundu duten guztiei: “Balioan jarri nahi dugu Laubide proiektua hasi genuenetik gaur egun arte, proiektuaren lanketa sakonean parte hartu duten bizilagun guztien ahalegina eta denbora. Laubide proiektuaren oinarriak finkatzen lagundu diguzuen herritarrak asko eta asko izan zarete eta hori da Laubide proiektuaren begirada arrakastatsuaren oinarria. Eskertze zintzo bat helarazi nahi diegu EH Bilduk proposatutako bileretan parte hartzeagatik: Villamparoko bizilagunei, Jokin Zaitegiko bizilagunei, Kontzeziñoko bizilagunei Grupo San Joaneko bizilagunei, Zerrajerako bizilagunei, Gelmako bizilagunei, Nafarroa etorbideko bizilagunei eta proiektuan ekarpenak egin dituzten eta egiten jarraitzen duten norbanako eragile guztiei ere”.

2 IRUZKIN

  1. Hasieratik desastre bat iruditu jat udalak planteatutakoa, beraien legealdia justifikatzeko obra txapuzero bat. Arrasateko beharrak aztertu gabe, kontsultoria batek egindakoa seguro, tolosan edo holako herri baten egin danez, ba arrasaten be. Txarto zegoena txarrago geratzen da eta ondo zegoena txartu. Ez dakit Bildurena guztiz egokia dan baina behintzat aztertu eta landutakoa da. Ez dakit nola baina egiten dabiltzan obra denak txapuzak dira, beraien kontsultorea oposizioak pagatzen duelakoan nago.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen