Mondragon Unibertsitateko ikasle talde bat ‘Ama?’ film laburra grabatzen ari da Durangon

0
1644

Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasle talde bat ‘Ama?’ film laburra grabatzen hasi da Durangon. Adinekoen bakardadeari buruzko filma da. Film laburra Mondragon Unibertsitatean egiten ari diren ikasketen barruan garatutako proiektua da. Taldea zazpi ikaslek osatzen dute: Jone Morillas, Jon Angulo, Inigo Arkauz, Pablo Campo, Leire Merino, Ainhoa Rodriguez eta Leire Blanco.

Film laburraren gidoia Leire Merinok idatzi du, eta gai hori aukeratzearen zergatia azaldu digu. “Bakoitza gidoi bat idaztea tokatzen zitzaigun, eta nire kasuan, oso argi neukan, justu orain Covid garaian bizitzen ari garen egoera ikusita, nagusien isolamenduari buruz idatzi nahi nuela. Kasu askotan oso bakarrik sentitu dira, eta familia kideak bisitatzeko egoera oso zaila izan da. Nire gidoia idazterakoan argi neukan, pertsona nagusien inguruan idatzi nahi nuela. Nire familian pertsona nagusiak beti garrantzi handia izan dute, eta protagonista nire birramonan oinarritu dut. “

Leire Blanco taldeko beste kide batek azaldu digu nor diren protagonistak eta nola aukeratu dituzten. “Protagonista nagusi bat dugu, adineko emakume bat, Aurelia, 90 urte dituena eta bakarrik bizi dena. Aktorea aurkitzeko zailtasun batzuk izan ditugu, gehien bat pertsona nagusi bat delako, eta ez da erraza horrelako perfil bat topatzea. Durangoko antzerki talde batean aurkitu genuen adineko emakume euskaldun bat. Bere izena Edit Beristain da. Bere alabaren papera, antzerki taldeko beste aktore bat izango da, Izaskun Asua. Beste bi aktorek parte hartu dute laburmetraian: postariaren papera egiten duten aktorea, eta laburmetraian agertzen ez den beste bat dago, baina pisu handia duena istorioan, gizarte-laguntzailea. Bakarrik bere ahotsa entzungo da.”

Film laburra egiteko behar den finantziazioa lortzeko Crowdfounding kanpaina jarri dute martxan, eta oraindik zabalik dago. Lagundu nahi duten guztiek taldeak ireki duen Instagrameko orrialdean aurkituko dute esteka: Ama.filmlaburra. “Orain arte lortu dugun finanziazioa oso garrantzitsua da guretzat, batez ere atrezzoa, aktoreak, dietak, garraioa, ordaindu ahal izateko”

Lantaldeari dagokionez, zazpi pertsonak osatzen dute, eta hiru taldetan banatu dira: Zuzendaritza, alde teknikoa eta ekoizpena.

• Leire Merino: zuzendaria eta gidoilaria
• Ainhoa Rodriguez: zuzendari laguntzailea
• Jone Morillas: argiztapen-teknikaria
• Iñigo Arkauz: kamara-teknikaria
• Pablo Campo: soinu-teknikaria
• Jon Angulo: dekoratuen arduraduna
• Leire Blanco: ekoizpena

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen