Aparkaleku plaza berriak jarriko dira Ospitale ondoan

7
3053

Plaza berri horiek doako TAO sistema batekin funtzionatuko dute, eta gehienez ere bi orduko aparkaldia izango dute.

Osakidetzako eta Arrasateko Udaleko kideek gaurko prentsaurrekoan, Debagoieneko Ospitalean aparkaleku berriak egingo dituztela iragarri dute. Horrela, Ospitaleak gaur egun duen aparkaleku-beharrari erantzungo zaio. Akordioa Maria Ubarretxena alkateak eta Nestor Arana Osakidetzako Ekonomia eta Finantza zuzendariak aurkeztu dute.


Gaur egun, ospitaleak, inguruan dauden aparkalekuez gain, 100 aparkaleku ditu Fagor Arrasate S.Coop. enpresaren instalazioaren ondoko aldean. Hala ere, agerian geratu da beharrezkoa dela etorkizun hurbilean kopuru hori handitzea.


Txaeta kalean dagoen lursailean, 42 plazako aparkalekua jarriko da, Fagorren solairuaren ondoko 100 aparkalekuen osagarri. Plaza berri horiek doako TAO sistema batekin funtzionatuko dute, eta gehienez ere bi orduko aparkaldia izango dute. Udalak Osakidetzari lagapen bat egingo dio lurzati hori aparkaleku gisa erabil dezan.


Egokitze lanak Osakidetzak finantzatuko ditu. Obra 2021eko bigarren seihilekoaren hasieran egingo da, eta egindako ikerketaren arabera, 160.000 euro inguruko inbertsioa izango litzateke.


Bestalde, Zalduspe autobus-geltokiaren atzealdean kokatuko diren 65 aparkalekuak eraikitzeko lanak “datorren astean hasiko dira dauden pabiloiak eraisten”.


Maria Ubarretxena, alkatea: “Herritarren ongizatea da gure helburu nagusia. Ospitaleak eskaintzen duen zerbitzuak erabateko lehentasuna du, funtsezkoa. Horregatik da garrantzitsua herritarren mugikortasuna eta irisgarritasuna bermatzea. Aparkaleku horien bidez, erabiltzaileen, familien eta langileen egunerokotasuna eta bizi-kalitatea hobetuko ditugu “


Gainera, otsailaren 24an Zalduspe autobus geltokiaren lanak hasi ziren, “Etxaluze-Mahala Ekobulebarraren proiektuaren barruan”.

7 IRUZKIN

  1. Ecoboulevardari esker arrasateko berdegune guztiak akatuko ditu alkate honek. Parikng ugari kendu zituzten “behin behineko” bus geltokia egiteko (urruti oso urruti) eta klaro orain parking gehiago egin behar. Eskerrak ECO boulevarda den

    • Diru publikuaz aparkalekuak itxen, laster baten TAOn bitartez ordainketakoak izateko. Iñuzente xamarrak gare arrasatearrok TAOko aparkalekuak de balde izaten jarraituko dabielakuan.

  2. Autobus geltoki hau Mariari oso garesti aterako zaiolakoan nago… sentzugabeko obra asko daramazki eta hau da gorena!

  3. GOGORATU behar da “Putzuko etxebizitzetan” egin ahal zirenak baino lur azpiko parking plaza gutxiago adostu zituela Udalak Vivesarekin, hau da, planta gutxiago. Ez dut ondo gogoratzen, baina bere garaian oposizioak salatu zuen, lur azpiko planta gehiago egin ahal zirela edo legeak berak ere gehiago egiteko esaten zuen… Orain berdegunea kenduko dute aparkalekuak egiteko. Txalo bero bat alkateari!!! Eta oposizioari ere eskatzen diot espabilatu dadila!!!

  4. Munduko herrialde gehinetan berdeguneak sortzen ari diren garaietan Arrasaten berdeguneak kendu eta zementuz betetzen dabiltza. Hau da herriarentzat nahi dugun etorkizuna? Hurrengoa zer izango da, Santa Barbarako zuhaitzak moztea EKO parke bat egiteko?

  5. Bere garaian Eusko Jaurlaritzak ospital osteko “potzuan” egiten hari den etxebizitzetan udalak onartutako HAPOari kasu egin eta bi solairutako parking-a eraikiko balitz, agian arazo gutxiago egongo litzateke ospital inguruan aparkatzeko. Udalak presaka HAPOaren aldaketa bat onartu zuen PNV eta PSEren bozkekin udal batzar baten Eusko Jaurlaritzak solairu bakarra eraiki ahal zezan. Legez derrigorrezkoa litzake 2 solairukoa izatea parking-a, baina antza denez PNV eta PSEren Eusko Jaurlaritzari ez zitzaizkion zenbakiak ondo ateratzen eta INGURUAN APARKALEKU BEHARRA EZ ZEGOELA ARGUDIATUZ Arrasateko Udalak onartu zion lur azpiko parking-a solairu bakarrekoa izatea.

    3 urte geroago bapatean aparkaleku beharra dago? Eta lehen ez? Hau da udal gobernu honen aurreikuspen ahalmena? EH Bildutik borrokatu genuen hau ez zedin horrela izan eta aparkaleku horiek ez baziren etxeetako jabeentzako beharrezkoak, ospitalerako erabiltzeko hitzarmen bat egiteko, baina beti bezala ezezko erantzuna jaso genuen.

    Orain argazkia eta udal gobernuaren publizitatea ikusten dugu berriz ere.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen