Dronak pilotatzen, programatzen eta Drone Soccer-ean lehiatzen ikasteko aukera izango dute gazteek Garaia Drone Lab-en eskutik. Campus praktikoaren bidez, droneen teknologiak lan-munduan dituen aplikazioak ere ezagutuko dituzte, erronka eta jarduera praktikoen bitartez.
Ekimenaren helburua da gazteei teknologia hori gerturatzea eta, aldi berean, sormena, talde-lana eta trebetasun teknikoak sustatzea. Horretarako, bost arlo landuko dituzte: droneak modu seguruan pilotatzea, ordenagailu bidez programatzea, Drone Soccer-ean taldeka aritzea, erabilera profesionalak ezagutzea eta etorkizuneko prestakuntza teknologikorako lehen urratsak ematea.
Campusa 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, bereziki teknologiarekiko, droneekiko edo programazioarekiko interesa dutenei.
Bi txanda izango dira aukeran, bakoitza hiru egunekoa eta 09:00etatik 14:00etara:
- Lehen txanda: abenduaren 21etik 23ra.
- Bigarren txanda: abenduaren 28tik 30era.
Txanda batean edo bietan eman daiteke izena. Horretarako, izen-emate formularioa bete behar da. Informazio gehiago Garaia Parke Teknologikoaren webgunean dago eskuragarri.




