Arrasateko Bizkaia etorbidean dagoen igogailua hiru aste daramatza zerbitzuz kanpo, eta egoerak zailtasunak eragiten dizkie inguruko bizilagunei, bereziki mugikortasun urriko pertsonei eta eguneroko joan-etorriak egiteko igogailua behar dutenei.
Matxuraren ondorioz, bizilagun askok oinezko bide alternatibo bat erabili behar dute herrigunera jaisteko, baina bide hori arriskutsua dela ohartarazi dute. Beste aukera gisa, herriko garraio publikoa edo autoa erabili behar izaten dute erosketak eta bestelako eguneroko zereginak egiteko.
Egoerak Erguin eskolara joaten diren haurren eta haien familien joan-etorriak ere zailtzen ditu, igogailua erabiltzeko aukerarik ez dutelako.
Bizilagunek adierazi dutenez, BAZekin harremanetan jarri dira matxuraren egoerari eta konponketa-epeari buruzko informazioa eskatzeko, baina ez dute erantzun argirik jaso. Azaldu dutenez, igogailua konpontzeko pieza bat falta dela jakinarazi diete, baina oraindik ez dute konponketarako aurreikusitako dataren berririk.
Bizilagunek kontraesan bat ere nabarmendu dute: alde batetik, autoaren erabilera murrizteko eta kutsadura gutxitzeko neurriak sustatzen dira; bestetik, ordea, oinezkoen mugikortasuna errazteko eta garraio jasangarria bultzatzeko azpiegiturak ez daude beti erabilgarri. Hori dela eta, igogailuaren konponketa lehenbailehen egitea eta erabiltzaileei informazio argia ematea eskatu dute.




