Emakumeen antolamendu sozialista mobilizatu da gaitzetsiz “instituzioek eta alderdi politikoek ez dutela” indarkeria matxistaren biktimen “babesa bermatzen”. Beharrezko ikusten du “emakume langileon borroka lehen lerroan jartzea”, areago “faxismoaren gorakadaren aurrean”. Gizarte sozialista lortzeko “oro har langile-klasea agente aktibo bilakatu behar dugu”.

Mobilizazioa gaur arratsaldean egin da Arrasateko alde zaharrean bilkura, manifa eta hitzartzea uztartuz.
“Matxismoak egunez egun kolpatzen gaituela” salatu dute, eta aurten jada “10.000 emakume baino gehiago erasotuak izan dira”.
Itaiarentzat “lehentasun politikoa da matxismoa amaitzeko bideorria garatzea, baina instituzioentzat eta alderdi politikoentzat ez dirudi lehentasunezko auzia denik”.

Biek ala biek arazoari heltzen diote “gero eta baliabide gutxiagorekin, eta ez dute emakumeen babesa bermatzen”.
Izan ere, “askori aterpetxe edo pisu partekatua eskaintzen dizkiete”, areago, kasu batzuetan “babes-pisuetatik kanporatzen dituzte”.
“Ez dugu onartuko indarkeria jasan duen emakumerik kale gorrian geratzea”, eta hartara beharrezko ikusten du “emakume horien babesa antolatzea”.
Estatu espainiarrean azken 7 urteetan “ustez gobernu aurrerakoia izan bada ere, emakume langileon bizi baldintzak okertu egin dira”.
“Ezinbestekoa da emakume langileon borroka lehen lerroan jartzea” batez ere “faxismoaren gorakada bizi dugunean”.
Faxismoak asmo ditu “Indarkeria Matxistaren Aurkako Legea deuseztatzea eta abortatzeko eskubidea ukatzea, adibidez”.
“Deshumanizatu eta zapaldu nahi gaituzte, baina guk kale mailan matxismoaren eta faxismoaren normalizazioari aurre egiten jarraituko dugu”.
“Kapitalismoan matxismoak funtsezko papera jokatzen du” eta emakume langileak “bigarren mailakotzat” jotzen ditu.
Itaiaren helburu nagusietako bat “zapalkuntzarik gabeko gizarte sozialista” da, eta horretarako “emakumeok eta oro har langile-klasea agente aktibo bilakatu behar dugu”.




