Black Arrasate kanpaina itzuliko da, urrezko ontza aurkitu eta 30 euroko erosketa-txartela irabazteko aukerarekin

0
1798

Ibai-Artek “Black Arrasate” kanpaina jarriko du martxan azaroaren 23tik 29ra, Black Friday egunari tokiko merkataritzaren aldeko ikuspegia emateko eta herriko saltokietan erosketak sustatzeko. Aurten, gainera, berrikuntza berezi bat izango du: txokolate-tableta batzuen barruan ezkutatutako “Urrezko Ontza” aurkitzen dutenek 30 euroko erosketa-txartela irabaziko dute.

Kanpainan parte hartzen duten establezimenduetan erosketak egiten dituzten bezeroek txokolate-tableta bat jasoko dute opari, izakinak agortu arte. Txokolatea Harreman GKEaren bidezko merkataritzako dendatik dator, eta, horrela, kanpainak tokiko merkataritza sustatzeaz gain, erakunde horren lan solidarioa ere babesten du.

Aurtengo berritasun nagusia txokolate-tableten barruan ezkutatutako urrezko ontzak izango dira. Horietako bat aurkitzen dutenek 30 euroko erosketa-txartela jasoko dute. Saria, ordea, tableta eman dien establezimenduan bertan egin beharko duten hurrengo erosketan erabili beharko dute.

“Zu zara gure altxorra. Eskerrik asko Arrasaten erosteagatik” lelopean, Ibai-Artek bezeroen leialtasuna eskertu eta herrian bertan erostearen garrantzia nabarmendu nahi du, bereziki Gabonetako kontsumo garaiari begira.

Kanpaina Ibai-Artek antolatu du, Arrasateko Udalaren, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Sailaren laguntzarekin.

Kanpainan parte hartu nahi duten establezimenduek 943 79 30 90 edo 688 73 41 49 telefono zenbakietara deitu dezakete.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen