Irudia eta beheko testua: Arrasateko Mugimendu Feminista.
Azaroaren 25a ate joka dugu beste urte batez. Eta, arrazoiak ez zaizkigu falta Arrasateko zein Euskal Herriko kaleak beste behin amorruz, haserrez, aldarriz… betetzeko.
Ez dira garai errazak. Sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalistak egitura guztiak martxan ditu zapalkuntzak betikotzeko, eta beraz, indarkeriak betikotzeko. Gorputzetan nahiz lurraldeetan. Aspalditik diogu hiru zapalkuntza sistema horien ondorioz, emakumeak*, migratu eta arrazializatuak eta sexu-genero disidenteak garela kolpatuenak. Eta baieztapen hori geroz eta era ageriagoan ari da materializatzen faxismoak, eskuin muturrak nahiz eskuineko hainbat mugimendutan ikus daitezkeen jarrera eta diskurtso erreakzionarioen bitartez.
Ez dugu feminismoaren instrumentalizazioa onartuko gorrotozko diskurtsoak zabaltzeko eta feminismotik ezer gutxi duten neurriak proposatzeko. Ez ditugu diskurtso arrazistak onartuko feminismoaren izenean eta ez dugu gure segurtasunaren izenean polizia gehiago behar denaren ideia defendatuko. Kontrara, justizia feministan sinetsi eta justizia feminista eraikitzen jarraituko dugu.
Horregatik guztiagatik, gu ez gara etxean gelditzen ari: azaroaren 5ean, Ipar Euskal Herrian, greba eguna izan genuen bizitzaren garestitzearen aurka, eta Hego Euskal Herrian, azaroaren 11n, etxebizitza eskubidearen alde hartu genituen kaleak. Azaroaren 25ean ere, Arrasateko kaleak geure egingo ditugu: eguerdiko 12:00etan Herriko Plazan eta arratsaldeko 19:00etan Seber Altube Plazan.




