Araudi berriak zehazten du terrazak kaleetan 60 metro koadro arteko zabalera izan dezakeela, eta plazetan 90 metro koadrora arte. Luzeran terrazak “gehienez norbere establezimenduaren fatxadak neurtzen duen luzera %50ean handitu” dezake, betiere baldintza batzuk betez. Argiztapena onartzen da “baldin eta instalazioa autonomoa bada”.
Komertzioei dagokienez, elementuek (frutak, apaingarriak eta abar) “establezimenduaren fatxadaren luzera” okupa dezakete asko jota. Zabaleran, berriz, 80 zentimetro frutategien kasuan, eta metro bat bestelako dendetan.
Orokorrean, dendek zein ostalaritzako establezimenduek toki publikoak erabiltzeko udal-baimena beharko dute, eta arau-hausteentzako zigorrak aurreikusi dira ordenantzan.
Udalbatzak urriko bileran onartu du behin betiko araudia, prozesu parte-hartzailea eginda, eta 25 alegazio aztertuz.
Udalak ordenantzaren beharra ikusi izan du, azalduz “merkatari eta ostalariek, kalitatezko arreta eta zerbitzu eguneratua emateko asmoarekin, euren zerbitzuak ikusarazi edo kaleratzea eskatzen dutela”.
Horrek guztiak, baina, “batzuetan, talka egin izan du oinezkoen, zein inguruko bizilagunen ongizatearekin”.
Ildo honetan, Udalak adierazi du “merkatari eta ostalariek araudi hau ezagutu eta aplikatzea bezain garrantzitsua dela herritarren kontzientziazioa”.
Halaber azpimarratu du “hautemandako beharrei erantzuteko ezinbesteko erregulazioa bakarrik jasotzen duela, eskubideak gutxien mugatzen dituen araua izanik”.
Ordenantzaren izen osoa honakoa da: ‘Arrasateko erabilera publikodun eremuetan ostalaritzako eta merkataritzako elementuekin egin daitekeen kale-okupazioa arautzen duen ordenantza’.
Honek arautzen ditu, batetik, “ostalaritza-jardueren inguruetan kokatzen diren terrazak eta horiek osatzen dituzten elementu zein altzari lagungarriak”.
Eta bestetik, “frutategien eta antzeko moduluak” eta “panelak, lorontziak eta apaingarriak”. Aldiz, ordenantza ez zaie aplikatuko “Udalaren emakida bidez garatzen diren jarduerei”, ezta “zirko, barraka, txosna eta abarrei” ere.

Ostalaritzako eta merkataritza establezimenduek leku publikoa erabili ahalko dute “Udalak aurretiaz emandako ahalbidetze-titulua edo baimena” eskuratu badute.
Lizentzia hori “ostalaritza edo merkataritza jardueren titular den pertsona fisiko zein juridikoak eskatu beharko du”.
Baimena “interes publikoko arrazoiengatik ezeztatu egin ahal izango da, kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe”. Baimenak, lizentzia lortuko den “urte horretarako eta hurrengo hiru urtetarako balioko” du.
Lurzoru publikoa okupatu ahal izateko “baimena eskuratutakoan, bide publikoa okupatzeagatik dagokion tasa ordaindu beharko dute titularrek”.
Udalak ez du baimenik emango “pertsonen segurtasun, mugikortasun eta irisgarritasunerako desegokiak izan daitezkeen tokietan”.
“Kasu guztietan, arau orokorrez, 2’00 m-koa edo handiagoa izango da, kanpo elementuak jarrita, utziko den oztoporik gabeko oinezkoen pasabidea”.
Ordea, ezingo dira okupatu “larrialdietako irteeren aurrean, ibiak dituzten pasabideen aurrean, zabor-edukiontzien aurrean, aparkaleku erreserbatuen aurrean, autobus geltokien aurrean, aldamioen alboan edo azpian, eta lorategi edo berdeguneetan”.
Eguzkitakoari dagokienez, bere “oinarria lizentzian baimendutako perimetroaren barruan kokatzen bada” eta bere “hegalak 2,20 metroko altuera librea errespetatzen badu”. Terrazetan jarri ahalko dira:
- Mahai-aulkiak
- Eguzkitakoak
- Eguzkitako handiak
- Toldoak
- Albo-babesak
- Plataforma edo oholtzak
- Informazio-panelak
- Apaingarriak eta lorontziak
Oro har, terraza osatzen duten elementuek “2,20 m-tako altuera librea utzi behar dute”, eta argiztapen instalazioak “onartuko dira, beti ere instalazio autonomoak baldin badira”.
Terrazetan, ordea, ez dira onartuko “kioskoak, barrak, janaria prestatzeko instalazioak, terrazarako lagungarri gisa erabil daitezkeen bestelako altzariak, izozki, litxarrari, jolas, opari edo bestelako produktuak saltzen dituzten makinak eta antzerakoak”.
Ezta “musika-ekipoak, bozgorailuak, telebistak, ordenagailuak, karaokeak, pantailak eta abar” ere. Halaber, ezingo da “inola ere airerik girotu; ez berotzeko, ez hozteko, ezta hezetzeko ere”.
Distantziei dagokienez, badira salbuespenak, adibidez “oinezkoek eta ibilgailuek, plataforma berean, kalea partekatzen dutenetan, edo oinezkoez gain, ordutegi konkretu baten barruan ibilgailuak pasa daitezkeenean”.
Horren hainbat adibide daude “Alde Zaharrean , non TAOko ordenantzaren 3. artikuluan zehazten diren ordutegiak”.
Bertan “3’50 metrotako tartea utzi beharko da oinezko eta ibilgailuentzako. Kalearen zabalera dela eta, distantzia horiek bermatzea ezinezkoa denean, terraza eta mahai-aulkiak ezingo dira jarri ibilgailuen zirkulazioa baimenduta dagoen tarte horietan”.
Plaza eta gune zabalagoetan “fatxada alboko 2 metroko ibilbide libre minimoa 4 metrokoa izan dadila hobetsiko da”.
Ordea, terrazak ibilgailuen zirkulazio duten kaleetako espaloietan kokatzen direnean, “terrazatik galtzadarako 60 cm-ko distantzia minimoa utzi beharko dute, ibilgailuek lerroan aparkatzen duten kasuan”. Ibilgailuek baterian aparkatzen dutenean, “30 cm-koa”. Salbuespen batzuetan “terrazak galtzadako aparkalekuak hartuta kokatu ahal izango dira”.
Terrazaren luzerak “orokorrean, Udalak onartutako alboko babesak barne, ezingo du establezimenduaren fatxadaren luzera baino handiagoa izan”.
Bi salbuespen daude, “alboko lokalaren aurrean terraza luzatzea onartu ahal” izateko, eta “gehienez norbere establezimenduaren fatxadak neurtzen duen luzera % 50 handituz”.
Terrazek kaleetan “ezingo dute inoiz 60m²-tako azalera baino gehiago hartu”. Plazetan “gehienez 90m²-takoa izango da hartutako azalera”.
Oro har, “ez da zoladurarik onartuko. Salbuespen bakarra, terrazen kokapena ibilgailuentzako aparkalekuen eremuetan baimentzen” denean da.
Arautegiak ere zehazten du “eserlekuen alboetan 1,50 metroko diametrodun gunea egon beharko dela libre beti, albo batetan behintzat”. Azalera horiek guztiak markatzeko “Udalak markak jarriko ditu lurrean”.
Ostalaritzaren ordutegia “guztiz amaituta, eta salbuespen zehatzak salbuespen, altzariak bide publikotik kendu egin beharko dira eta espazio pribatu egokian gorde”.
Establezimendu barruan ez dira gorde beharko “babes perimetral finkoak, lorontziak, eguzkitako handiak eta horien euskarriak”.
Terrazetan eskaini daitezkeen zerbitzuak dira “janariak eta edariak zerbitzatzea”, baita “ospakizun bereziak (formatu txikiko kontzertuak adibidez)”, horretarako eskaera “3 aste lehenago, gutxienez” eginda.
“Herritarren atsedenerako kausak medio, edo interes orokorra babesteko bestelako arrazoiak tarteko, udalak baldintza bereziak jarri ahal izango dizkio formatu txikiko kontzertu horietako bakoitzari”.
Bestalde, merkataritza establezimenduei dagokienez, espazio publikoa erabili ahal dute:
- Salmentan dituzten produktuak erakusteko
- Publizitatea egiteko (arbela eta antzekoekin)
- Apaingarriak kokatzeko
- Edo “jarduerari lotutako bestelako okupazio justifikatuak egiteko”
Hartara, “ezinbestekoa izango da baimena lortzea”, eta Udalak “hobetsi”ko du “2 metroko zabalera librea fatxadaren kontra geratzea”.
Gehienezko okupazioak “frutategi eta antzekoetan, establezimenduaren fatxadaren luzera eta gehienez 80 cm-ko zabalera”.

Gainerako merkataritza jardueretan, “establezimenduaren fatxadaren luzera eta, gehienez, metro bateko zabalera”.
“Elementuak fatxadaren lerroan jarri ahal izango dira, beti ere atearen aurrea libre utzita, 90 cm-tan gutxienik. Fatxadaren eta elementu desmuntagarriaren artean, ahal dela, 2’00 m utzi beharko dira”.
Ordutegiari dagokionez, “bakar-bakarrik, establezimendua irekita dagoen bitartean okupatu ahal izango da zoru publikoa”.
Eta toldoak jarri nahi badira, “hirigintza araudian jasotakoaren arabera egin beharko da”. Kasu bakoitzean, “bide publikoa okupatzeagatik dagokion tasa ordaindu beharko du titularrak”.
Kale-okupazioa merkealdietan edo Merkemerkauan, merkataritza azoketan, kanpaina bateratuetan eta abarretan egingo da “Toki Garapen Sailera aurkeztutako aurretiazko komunikazioaren bitartez”.
Oinezkoentzat “bistan jartzen diren testuak euskaraz idatziko dira, eta beste hizkuntza batzuetan ere idatzita badaude, lehentasuna Euskarari emango zaio”. Genero-ikuspegiari dagokionez:
- “Komunikaziorako materialetan hizkuntza ez-sexista erabiliko da”
- “Ez dira onartuko emakumeenganako irudi diskriminatzaile nahiz estereotipatuak”
- “Berdintasun balioak, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol zein genero identitateen aniztasunak jasoko dira irudietan”.
- “Ez dira jarrera matxistak onartuko”
- “Neurriak hartuko dira sexu jazarpena eta sexu ondoriozko laneko jazarpena saihesteko, eta gertatzen den kasuetarako esku hartzeko protokolo bat zehaztuta egon beharko da aurretiaz”
Bide publikoa okupatzeko lizentzia “merkataritza jardueraren titular den pertsona fisiko zein juridikoak eskatu beharko du”.
Eta eskaera egiteko inprimakia dagoeneko eskura dago, besteak beste, “udal-webgunean eta Bezeroaren Arreta Zerbitzuko – BAZ- bulegoan”.
Inprimakia ez ezik, zenbait agiri gehiago aurkeztu behar dira, eta establezimenduak eskaera eta “ordainketa egin arte” ezingo du “okupazioa gauzatu”.
Baimena indarrean sartzeko “300 euroko fidantza ezarri beharko du Udalean. Egitura egonkorren kasuan, 600 eurokoa”.
Halaber, eskaerak “beti, okupazioa egingo den ekitaldiaren aurreko abenduan edo ekitaldi bertako urtarrilean egin beharko dira”.
Lizentziaren epealdia “4 urterako emango da”, hots, “emandako baimenak urtero berriztuko dira modu automatikoan”. Dena den, urtero aukeztu beharko da “Erantzukizun Zibileko poliza eguneratua dagoenaren ziurtagiria”.
Okupazioaren ordutegia “mugatuko da dendaren irekitze-ordutegira eta ezingo da 09:00etatik 21:00era baino gehiago luzatu”.
Udalak ohartarazi du “Udaltzaingoari dagokiola ordenantza honen betetzea zaindu eta kontrolatzea”, eta hiru arau-hauste mota daude:
“Arinak, larriak eta oso larriak”. Arinak dira esaterako “ordutegia ez betetzea” eta “elementuak kokatzea baimendutako eremutik kanpo”.
Arau-hauste larriak dira adibidez “instalazioak udal-lizentziarik gabe jartzea” edota “irekitzeko eta ixteko ordutegia ez betetzea, ordubete baino gehiago luzatuta”.
Oso larria izango da, besteak beste, “lizentziaren edozein betebehar, debeku edo baldintza ez betetzea, eta ondorioz, bizilagun edo oinezkoen interesari, segurtasunari eta/edo osasunari kalte larriak eragitea”.
Arau-hauste arinen zigorrak 500 € eta 750 € artekoak dira, larrienak 751 eta 1.500 € artekoak, eta oso larrienak 1.501 eta 3.000 bitartekoak.
“Erruduntasuna onartzeak eta borondatez ordaintzeak arau-haustea”ren isuna “% 50era arte murriztea ekar dezake”.
Osoko Bilkurak aho batez ordenantza onartu berri du behin betiko, eta indarrean sartzekoa da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak argitaratzean.
Ordenantza bere osotasunean:




