Txiki Txokoa handitzeko enpresarik ez da aurkeztu, EAJ-PNVek “gaitasun falta” egotzi dio Udal-Gobernuari

0
3366

Lizitazioa hutsik geratu da bitan, eta Udalak diru-partida 35.000 eurotan handitu berri du, hirugarren aldiz lizitazioa zabaltzeko. EAJ-PNVek Udal-Gobernuari eskatu dio “berma” dezala obrak amaitzea “2027-2028ko negurako”. Adierazi duenez, Udalak 2025etik ondoko lokalaren alokairua formalizatua du.

Arrasateko EAJ-PNVk prentsa-ohar bidez adierazi du Udal-Gobernuak “plangintza eta kudeaketa-gaitasun falta” izan dituela Txiki Txokoaren handitzean.

Udalak bitan ireki izan du lizitazioa, interesa eduki zezaketen enpresek euren proposamenak aurkeztu ziezaioten.

Alabaina, ez da enpresarik aurkeztu eta hori “kontratazio-arazo” bat bezala definitu du Ander Garay zinegotziak.

Handitze-lanak egin ahal izateko, Udal-Gobernuak diru-partida 35.000 eurotan igotzea proposatu dio Udalbatzari hilabete honetan, lizitazioa hirugarrenez zabaltzeko. Osoko Bilkurak baietz erantzun dio.

EAJ-PNVren hitzetan, Txiki Txokoa “handitzeko lanek etengabeko atzerapena” izan dute, eta azpimarratu du “talde jeltzaleak 2024an bultzatutako proiektua dela”.

Hala, Udalak “2025aren hasieran ondoko lokalaren alokairua formalizatu” zuen, instalazioak handitu ahal izateko.

Urte bereko azaroan EAJ-PNVek eskatu zuen egitasmoa “bizkortzeko”, “2026-2027ko negurako Arrasateko familiek espazio egokiago bat izan zezaten”.

2026aren hasieran Udalak lizitazioa ireki zuen, baina ez zen enpresarik aurkeztu, eta esleitu gabe geratu zen urte bereko martxoan.

Ordutik, Udal-Gobernuak sei hilabete baino gehiago “igarotzen utzi ditu”, lanak “berriro kontratatzeko” beharrezko finantzaketa “bermatu gabe”.

“EAJ-PNVren ustez, gertatutakoak agerian uzten du udal gobernuaren kudeaketa-gaitasun falta kezkagarria”.

“Arintasunez konpondu beharreko kontratazio-arazo batek hilabete luzez geldiarazi du Arrasateko familientzat beharrezkoa den jarduketa”.

Arazoa konpontzeko, Osoko Bilkurak diru-partida berri bat onartu du hilabete honetan, 2026ko urrian, eta kontratazio-prozesua “abendura arte” ez da berrabiatzerik izango .

Ander Garay zinegotziaren hitzetan proiektu hau “ez da konplexua”, “ezta bat-batean sortutako jarduketa bat ere”.

“Kezkagarriena ez da lizitazio bat esleitu gabe geratzea, hori gerta baitaiteke, baizik eta udal gobernuak urte erdi baino gehiagoan erantzuteko gaitasunik ez izatea”.

Gobernukide ohiak adierazi du “gobernatzeak arazoei aurrea hartzea” dela, “erabakiak hartzea eta proiektuak desblokeatzea”. Elkarrekin Arrasateri ere egotzi dio “kudeaketa-gaitasun falta kezkagarria erakustea”.

EAJ-PNVk Udal-Gobernuari eskatu dio “berma” ditzala jarduketa horri “lehentasuna ematea, izapideak bizkortzea eta Txiki Txokoaren handitzea 2027-2028ko negurako”.

Horretarako, Udal-Gobernuak guztira 181.000 € bideratzea proposatu dio urrian Udalbatzari, eta onartu egin du.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen