Partidu oso lehiatua izan da eta azken emaitza 33-31koa. Iker Elorza bere herriko taldera itzuli da, Ordiziarekin estatuko gorengo mailan Kopa irabazi zuena 2012an, besteak beste. Gaurkoan bere taldeak 3. garaipena jarraian lortu du.
Norgehiagoka luzapenean erabaki da: Arauzko denbora agortuta, bilbotarrak aurretik ziren markagailuan, baina arrasatearrek erasora jo dute.

Entsegua egitea lortu dute eta gainera ondorengo ostikoan Ibai Portalo Melladok baloi atean sartzea lortu du. Taldekide guztiek eta publikoak pozarren hartu dituzte une erabakigarriak.
Horrenbestez, denboraldiko lehen hiru partiduak irabazi ditu. Partidu honetan Iker Elorza Heriz Arrasateko taldeko partidu ofizial bat jokatzera itzuli da, bertako errugbiko historiaren izen handienetakoa.

“Denbora eman dut itzuli edo ez pentsatzen” adierazi digu partiduaren ostean “urte batzuk arazo fisikoekin egon naiz, bizkarra ez neukan behar bezala”.
Alabaina “azken urteetan asko hobetu dut eta jokatzera animatu naiz. Urtebete probatuko dut eta ea zer moduz moldatzen naizen”.

Horretarako, denboraldi hasieran entrenatzen hasi zen, “baina urteek ez dute barkatzen, eta lesio txiki bat izan dut, zuntz haustura bat, eta ondorioz bizpahiru aste egon naiz geldi”.
Baina bueltan dugu eta lehen partidua “gogorra izan da, egiari zor, batez ere fisikoki, fisikoa landu egin behar da, eta kontuan hartu nire adina hemengo talde batzuena halako bi dela”. Abenduan 42 urte beteko ditu.

“Hemen hasi nintzen errugbian jolasten, eta hemen bukatuko dut nire jokalari ibilbidea”. Aurrera begira jarraituz, Kanpanzar Arrasatek datorren asteburuan Durangon jokatuko du, aupa Arrasate!




