Bigarren eskuko moda Maritxu Kajoin janztea sustatuko da Batuz-en

0
3370

Argazkiak eta beheko testua: Batuz Gizarte Fundazioa.

BATUZ Gizarte Fundazioak Maritxu Kajoi modu zirkular eta inklusiboan ospatzera gonbidatzen zaitu, irailaren 7tik 30era Arrasateko BATUZ dendan, Bidekurtseta kaleko 2an, zabalik egongo den bigarren eskuko txoko berezi baten bidez. Ekimenak bigarren edizioa izango du aurten, iaz izandako harrera bikainaren ondoren: bigarren eskuko 300 jantzi eta osagarri baino gehiago saldu ziren eta 500 pertsona inguru igaro ziren txokotik.

Aurten urriaren 2an ospatuko den Maritxu Kajoi jaiaren harira, BATUZ Gizarte Fundazioak festa, jasangarritasuna eta herritarren parte-hartzea uztartzen dituen ekimena jarri du martxan. Proposamenak jaietarako jantziak prestatzerakoan bigarren eskuko modaren aldeko hautua egitera gonbidatzen du.

Ekimenaren abiapuntuan hausnarketa partekatu bat dago: arropa neurriz kanpo kontsumitzeak, askotan egun bakar baterako erosten denean, ingurumen-inpaktu handia du. Erabili eta botatzeko eredu horren aurrean, BATUZek erakutsi nahi du herriko jaietan ere berrerabilpenaren, sormenaren eta zirkulartasunaren alde egin daitekeela.

TXOKO BEREZIA IRAILAREN 30ERA ARTE

Arrasateko BATUZ dendak Maritxu Kajoiri eskainitako txoko berezia izango du irailaren 7tik 30era. Bertaratzen direnek look osoak, jantzi solteak, oinetakoak eta era guztietako osagarriak aurkituko dituzte, okasiorako arreta handiz aukeratuak. Proposamenak jaietarako look-a bilatzea esperientzia sortzaile bihurtzen du, jantzi bakoitzak aurretik beste bizitza bat eta kontatzeko istorio bat dituela gogoraraziz.

Lekua eta datak: BATUZ Arrasate denda, Bidekurtseta kalea 2; irailaren 7tik 30era, dendaren ohiko ordutegian.

ESTILISMO TAILERRA MAIALEN URANGAREKIN

Txokoaren osagarri gisa, irailaren 18an, ostirala, Maialen Uranga irudi-aholkulariak estilismo tailer bat gidatuko du. Saioan zehar, parte-hartzaileek bigarren eskuko arroparekin konbinazio berriak probatu eta beren estilo pertsonalarekin bat datozen aukerak ezagutu ahal izango dituzte, Maritxu Kajoi bakoitzak bere erara bizitzeko.

Eguna eta ordutegia: irailaren 18a, ostirala, 17:00etatik 19:30era.
Lekua: BATUZ Arrasate denda, Bidekurtseta kalea 2.
Izen-ematea: https://acortar.link/A6CkxK

BIGARREN EDIZIOA, 2025EKO HARRERA BIKAINAREN ONDOREN

Proposamenak 2025eko Maritxu Kajoiren harira garatutako esperientziari jarraipena ematen dio. Lehen edizioak oso harrera ona izan zuen: bigarren eskuko 300 jantzi eta osagarri baino gehiago saldu ziren eta 500 pertsona inguru igaro ziren txokotik.

Emaitza horiek ikusita, BATUZ Gizarte Fundazioak eta Arrasateko Udalak ekimena aurten berriro antolatzea erabaki dute, eta txokoa zabalik egongo den epea luzatu dute, irailaren 30era arteko espazio iraunkor bihurtuz.

BATUZek horrelako ekimen zirkularrek beste herri-ospakizun batzuetan duten potentziala ere egiaztatu du. 2025eko otsailean, Medialab Tabakalerarekin eta Impact Hub Donostiarekin batera, Mozorrotruk merkatua antolatu zuen Donostian, inauterien harira. Bi astez, merkatuak eta pertsonalizazio-tailerrek 2.500 pertsona baino gehiago bildu zituzten eta 600 jantzi baino gehiagori bigarren bizitza ematea ahalbidetu zuten.

Edizio berri honekin, BATUZ Gizarte Fundazioak eta Arrasateko Udalak Maritxu Kajoi norberaren estiloarekin eta ingurumenarekiko arduraz bizitzera animatu nahi dituzte herritarrak. Berrerabilitako jantzi bakoitzak baliabideak aurrezten eta hondakinak murrizten laguntzen du, eta, aldi berean, Fundazioaren gizarteratze-enpresen bidez gizarte- eta lan-inklusiorako aukerak sortzen laguntzen du.

BATUZ GIZARTE FUNDAZIOARI BURUZ

BATUZ Gizarte Fundazioak 45 urteko ibilbidea du, eta eraldaketa komunitarioa sustatzen du sarean garatutako prozesu eta proiektuen bidez. Administrazioekin, enpresekin eta gizarte-eragileekin elkarlanean aritzen da komunitate bidezkoagoak, inklusiboagoak, kohesionatuagoak eta jasangarriagoak eraikitzen laguntzeko.

Fundazioak zaurgarritasun-egoeran edo -arriskuan dauden pertsonak laguntzen ditu gizarte-zerbitzuen, enplegurako prestakuntzaren eta gizarteratze- eta laneratze-ibilbideen bidez. Ekonomia zirkularra funtsezko tresna da eredu horretan, baliabideak berreskuratzea eta berrerabiltzea inklusiorako eta enplegurako aukerak sortzearekin uztartzen baititu.

BATUZ GIZARTE FUNDAZIOA ZENBAKITAN

  • 45 urteko ibilbidea.
  • 350 langile.
  • 62 aliantza erakundeekin eta 23 proiektu garatuak 2025ean.
  • 3.055 pertsona lagunduak gizarte-zerbitzuen bidez.
  • 411 pertsona enplegurako prestatuak.
  • 65 laneratze-postu.
  • 2.359 tona baliabide bilduak; horien % 35 berrerabili da.
  • Bigarren eskuko 6 denda Gipuzkoan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen