«Elkartasuna gara» lelopean, XI Mundukide Lasterketa Solidarioa urriaren 18an egingo da Urkulun

0
1971

Irudiak: Mundukide Fundazioa.

Mundukide Fundazioaren kirol eta elkartasun ekimena urriaren 18an izango da, Aretxabaletako Urkulu urtegian, eta bi berritasun izango ditu aurten: aldarrikapen-ekintza bat eta Zumba saio bat irteeraren aurretik.

Kirola eta elkartasuna uztartzen dituen ekitaldiak, beste behin ere, pertsona ugari elkartuko ditu helburu berarekin: lanaren eta lankidetzaren bidez mundu bidezkoagoa eraikitzen jarraitzea.

Munduko hainbat tokitan gatazka armatuek eta gerrek sufrimendua eragiten jarraitzen duten honetan, irteera bakoitzaren aurretik minutu bateko isilunea egingo da. Ekintza horren bidez, elkartasuna indarkeriaren alternatiba eta bakea eraikitzeko bidea dela aldarrikatuko da.

Elkarri aurre egin beharrean, elkarlanean aritzeko deia da. Indarkeriaren aurrean ere aukera egin dezakegulako: elkartasunaren, lankidetzaren eta pertsonentzat aukerak sortzearen alde.

Zumba saioa
Bigarren berritasuna Athlon kooperatibaren eskutik etorriko da. Kooperatibak Zumba saio dinamiko bat eskainiko du parte-hartzaileak berotzeko. Helburua da lasterketaren aurretik giro alaia, osasungarria eta parte-hartzailea sortzea.

Urkulura, bizikletaz, oinez edo autoa partekatuz.
Jasangarritasunaren izenean, antolatzaileek dei egin diete parte-hartzaile eta ikusleei, bizikletaz, oinez edo autoa partekatuz gerturatzeko. «Lasterketan korrika edo oinez egiteaz gain, Urkulurako bidea ere elkartasunaren eta planetarekiko konpromisoaren parte izan dadila.

20.000 familia Mundukideren lankidetzaz baliatzen dira
MLS Mundukidek Brasil, Ekuador, Kolonbia eta Mozambikeko tokiko erakundeekin egiten duen lanarekiko babesa eta elkartasuna adierazteko modu bat ere bada.

Lankidetza-lan horren oinarrian daude kooperatibagintzaren sustapena, nekazaritza-garapena eta enplegua, betiere tokiko komunitateekin elkarlanean. 2025ean lortutako emaitzek argi erakusten dute lankidetza-eredu honen eragina:

  • 20 kooperatiba eta 60 talde eta elkarterekin egiten du lan.
  • 20.000 nekazari-familia babesten ditu, eta guztira 100.000 pertsonarengana iristen da.
  • 61 pertsonako lantaldea du: 12 kooperatibetako kide, 49 tokiko langile eta 80 aldi baterako kolaboratzaile.
  • Lau lan-ildo nagusitan jarduten du: kooperatiba-aholkularitza, langileen prestakuntza, nekazaritza-garapena eta laguntza teknikoa.

Kooperatiben eta nekazarien lanari esker, 3,6 milioi euroko diru-sarrera gehigarriak sortu dira. Baliabide horiek komunitateetan bertan geratzen dira, bizi-baldintzak hobetzen eta tokiko garapen ekonomikoa indartzen laguntzeko.

Emaitza hauek erakusten dute lankidetza ez dela laguntza ematera mugatzen. Pertsonak ahalduntzea, tokiko erakundeak indartzea eta epe luzerako aukera ekonomikoak sortzea ere bada.

Euskal Herriko kooperatibei gonbidapena
Lehen ediziotik, Mundukide Lasterketa Solidarioa kooperatibismoaren, elkartasunaren eta konpromiso sozialaren topagune bihurtu da. Urtez urte, ehunka pertsonak erakutsi dute MLSak mundua eraldatzen ere lagun dezakeela. Iazko 10. Mundukide Lasterketa Solidarioak 435 parte-hartzaile eta 30 kooperatiba bildu zituen, eta aurten ere antzeko parte-hartzea espero da.

Horregatik, gonbidapen zabala egin nahi diete antolatzaileek bereziki Euskal Herriko kooperatibetako kideei eta elkartasunaren indarrean sinesten duten guztiei, 11.Lasterketa Solidarioan parte hartzera. «Etorri korrika egitera, oinez egitera edo, besterik gabe, elkartasuna indartzera. Zure parte-hartzeak Brasilen, Ekuadorren, Kolonbian eta Mozambiken aukera berriak sortzen laguntzen du, eta milaka familiaren etorkizuna hobetzen», amaitu dute antolatzaileek.

Gaurko aurkezpenean inguruko zenbait kooperatibek Mundukideren lana goraipatu nahi izan dute. Copreciren iritziz, «Mundukidek lan eredugarria egiten du munduko komunitate zaurgarrietan, aukera berriak sortuz eta pertsonen bizi baldintzak hobetuz. Horregatik, lasterketa solidario honetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu».
«Urrats bakoitzarekin eta ekarpen bakoitzarekin, gure hondar alea jartzen dugu Mundukideren proiektuak babesteko eta mundu bidezkoago, justuago eta baketsuago baten alde egiteko. Animatu eta parte hartu! Elkartasunez egindako kilometro bakoitzak etorkizun hobe bat eraikitzen laguntzen du eta», gaineratu dute.

Athlonetik,«oraingoan ere berretsi nahi dugu, azken urtetan munduan gertatzen ari diren gatazkak ikusita, pozgarria dela ikustea Mundukide erakundearen lana. MLS ekintzarekin, elkartasuna adierazi nahi zaio erakundeari, modu alai, parte-hartzailean eta jarduera fisikoaren bitartez bideratuz. Horregatik, deialdia kooperatiba guztiei, parte hartu urriak 18an. Lortu dezagun koperatiben inplikazioa ekintza honetan eta Mundukidek dituen beste hainbatetan ere, merezi du eta».

Ulmako ordezkaritzatik honako hau gehitu nahi izan dute. «Gero eta polarizatuago dagoen mundu batean, non norbanakoen interes pertsonalak interes orokorraren gainetik jartzen diren, Mundukide bezalako iniziatibak gauzak egiteko beste modu bat badagoela gogoratzen digu. Beste modu bat non elkartasunari eta interes orokorrari paper nagusia jokatzeko aukera ematen zaion. Mundukide gure esperientzia kooperatiboaren printzipio, balio eta ikasketa nagusiak munduan zehar zabaltzen ditu egoera zaurgarrian dauden organizazio eta pertsonen baldintzak hobetzeko asmoz».

«Ulmak hasieratik babestu du Mundukideko proiektua eta horrela izatenjarraituko du. Urriaren 18an MUNDUKIDE proiektua babesteko aukera aparta izango dugu Urkulun antolatuko den MLS parte hartuz. ULMAKO langileok han izango gara eta inguruko kooperatibetako langile eta gizarteko pertsona guztiei gonbidapena zabaltzen diegu. Bertan elkar ikusiko dugu!», amaitu du.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen