Arrasateko Ttakun Txalaparta taldeak 33 urte beteko ditu eta aurten ere Mendiparta ekimena antolatu du txalaparta mendian jotzeko asmoz. Aurten Aramaioko Danborralde mendira joango dira eta Jesus Larrañaga txalaparta taldeko kideari omenaldia egingo diote 12:00etan, bertan txalaparta saio libreak eta hamarretakoa egongo da hurbiltzen diren guztientzat. Ekitaldia irekia izango da.

Jesus Larrañaga 2025ean zendu zen eta taldean egindako lana eta konpromisoa eskertu nahi diote taldekideek eta bera oroimenean txalaparta saioak eskainiko dizkiote, Jesusek esaten zuen bezala: «Txalapartia jo ezazue keia atera arte!».

Mendi irteera 10:30ean hasiko da Aramaioko Azkoaga auzotik eta ondoren mendi buelta ostean egitarauak Aramaion jarraituko du txalaparta-poteo baten bidez. Ondoren bazkaria izango dute Barajuen auzoan eta arratsaldean egitarauak Arrasaten jarraituko du, 18:30etatik aurrera txalaparta saioak kalean zehar joaz.






