Ostegunean hasiko dira Santamañako Jaixak, biserekin eta kiliki berriarekin

0
3469

Auzoko Jai Batzordeak gaur arratsaldean aurkeztu du egitaraua Santamañako auzo-alkatetzan.

Aurtengo berritasunetako bat da jaiak ostegunez hasiko direla, hau da, ostegun honetan, uztailak 16.

Hala, pintxo-potea ospatuko da eta gainera Sanbamañak tailer bat eskainiko du pertsona guztientzat zabalik.

2026ko beste nobedade bat dugu, lepoko zapien ordez, eta aurtengo sargoria kontuan hartuta, biserak daudela jada erosgai.

Biseretan bertako maskota agertzen da, hontza, eta hain zuzen, hegazti horren kilikia egin du Iruñeko Platero Gigantes enpresak, Jai Batzordearen enkarguz.

Kiliki berria estreinatu egingo dute ostiralean arratsaldeko 19:00etan, auzoko eta Arrasateko beste hainbat buruhandirekin batera. 19:15ean txokolatea banatuko da Santa Marinako elkarte gastronomikoan.

Ostiral gauean Dj Iver arrasatearrak Agerre plaza animatuko du gaueko 22:00etatik aurrera.

Aurten lehen aldiz ere auto klasikoen erakustaldia egongo da, ibilgailu klasikoen elkartearekin antolatuta.

Hortaz gain, aurten txu-txu trena egun batean ez ezik, bi egunetan ibiliko da hara-hona. “Adineko pertsonek lehentasuna izango dute herri-bazkariaren harira”.

Trenaren ibilbidea Otalorako biribilgunea, Elmako etxeak, Musakolako Meneta taberna ingurua, Santa Teresa, Santamaña, Makatzena izango da. “Antolakuntza-arrazoiengatik baliteke bidaiak euro bateko prezioa izatea”.

Oro har, aurtengo egitarauak iazko ereduari eutsi dio, eta tabernetan kontzertuak, umorezko bakarrizketa bat eta txalaparta tailerra izango dira, besteak beste.

Gainera, Antolakuntzak ekitaldi gehiago prestatu ditu auzoko beste gune batzuetan ere ospatzeko. Hau da, Santamañan ez ezik, Makatzenan eta Santa Teresa-Doneztebe Portukon ere ospatzeko.

Larunbat arratsaldean kontzertu ugari izango dira auzoko tabernetan: Brock & Collie – Orekakero punk-rocka Aldapa tabernan 18:30ean, Even Monserrat tabernan 19:00etan, Ginka Biloba Donosti tabernan 19:30ean, eta Ghetto de Luxe Monterey tabernan 20:00etan.

Larunbat gaueko bi kontzertuei dagokienez, Psycho-Clown Perkusioa (Zo-Zongó) eta Sedientos de Cumbia taldeek eskainiko dituzte, 22:30ean eta 23:45ean, hurrenez hurren.

Igandeari dagokionez, haurrentzako apar-festa, jumping eta salto-saltoak izango dira goizeko 11:00etatik eguerdiko 15:00ak arte.

Eguerdiko 12:00etan urdaiazpiko dastaketa eta sagardo kupela izango dira Makatzenako frontoian.

Egun eta ordu berean baina Agerre plazan, hau da, txosnagunearen ondoan Pontx pailazoak ikuskizuna emango du.

Santamañako Jai Batzordeak jendarteari dei egiten dio batzordea zabalik dagoela antolakuntzan lagundu nahi duten pertsona guztientzat, “adin guztientzat”.

Era berean, Batzordeak publikoki eskerrak eman nahi dizkio Toki-Argiko Jubilatuen Etxeari herri-bazkarirako tiketen salmentaz arduratzeagatik.

Albistea osatzen gabiltza

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen