Azken entzierroak amaiera eman die San Juan jaietako goizeko hitzorduei

0
3588

San Juan jaietako hirugarren eta azken entzierroa egin dute gaur goizean Arrasaten. Ekitaldia 09:00etan hasi da, eta Bergarako Zezenak taldearen eskutik, herritar ugari bildu da ibilbidean zein zezen-plazan azken entzierroaz gozatzeko.

Bigantxak kaleratu aurretik jendetza handia batu da kaleetan, eta parte-hartzaile askok haien aurrean korrika egiteko aukera izan dute. Ibilbidearen azken metroetan hainbat korrikalari lurrera erori dira, eta bigantxek haien gainetik igaro behar izan dute une batzuetan. Horren ondorioz, aurreko egunetan baino esku-hartze gehiago egin behar izan dituzte osasun zerbitzuek.

Entzierroa amaitu ondoren, ikuskizunak zezen-plazan jarraitu du. Bertan ez da sustorik falta izan; izan ere, bigantxa batek burladeroa saltatzeko ahalegina egin du, eta une batez urduritasuna sortu du bertaratutakoen artean. Hala ere, ez da aparteko gorabeherarik izan, eta ikusleek ikuskizunaz normaltasunez gozatzen jarraitu dute.

Zezen-plazan, gainera, arrasatearrek azken aldiz izan dute aurtengo San Juan jaietan bigantxekin jolasteko aukera, eta giro apartarekin agurtu dute jaietako goizeko hitzordu tradizionalenetako bat.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen