Landa auzoetako bizilagunentzat taxi zerbitzua eta Lurraldebus zerbitzu berezia izango dira San Juanetan

0
1853

San Juan jaietan garraio publikoen errefortzu berezia egongo da Arrasaten. Helburua da herritarren joan-etorri seguruak bermatzea, kotxea hartzea ekidinez, eta herritarren mugikortasun iraunkorrak bermatzea.

Ekainaren 23an, San Juan bezperaren egunean, Arrasateko Udalak taxi zerbitzua jarriko du landa auzoan bizi diren bizilagunentzako. «Azken urteetan izandako arrakasta ikusita, zerbitzua errepikatzea erabaki dugu. Modu honetan, landa auzoak eta erdigunea modu seguruan konektatu nahi ditugu», adierazi dute.

Zerbitzua adin guztietako pertsonentzako izango da, betiere landa auzoarekin konektatzeko bada. Zerbitzua Udala, Bedoña, Meatzerreka, Garagartza, Gesalibar edo herriko beste landa gune batzuetan kokatutako baserrietara mugitzeko soilik emango da. Atez ateko zerbitzua eskainiko da bidaiarien segurtasuna bermatzeko.

Oraingoan ere, euro bateko ordainketa sinbolikoa egin beharko du pertsona bakoitzak. «Modu honetan, autobus zerbitzuarekin parekatuko dugu zerbitzua» azaldu dute Udaletik. Ekainaren 23tik 24rako gauean eskainiko da taxi zerbitzua, 22:00etatik 08:00etara. Horretarako, aurrekoetan egin bezala, 688 73 52 23 telefonora deitu beharko da (21:30etik aurrera martxan egongo da), eta taxistekin hitzordua adostu.

Lurraldebus zerbitzu berezia gauean
Ohikoa den bezala, San Juan jaietan, Lurraldebus zerbitzu berezia izango da gabean, eskualdeko herrien artean. Ekainaren 23, 25 eta 26an gauetako zerbitzuak izango dira, urteko gainerako larunbatetako linea (DG40G eta DG41G) eta ordutegi berberekin.

Ordutegiak Lurraldebusen webgunean edo erabiltzaileari arreta emateko 900 300 340 telefonoan kontsultatu ahal izango dira.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen