Udalak aste honetan hasiko ditu herriko ur parkeen muntaketa lanak, eta aurreikuspenen arabera, ekaineko lehen astean ireki ahal izango dituzte, eguraldiak laguntzen badu.
Datozen egunetan muntaketa lanekin batera garbiketa eta ur kalitatearen analisiak egingo dituzte, osasun eta segurtasun baldintza guztiak bermatzeko asmoz.
Bestalde, Musakolako kanpoko igerilekuetan ere hasi dituzte uda denboraldirako prestaketa lanak. Igerilekuak ekainaren 12tik irailaren 13ra bitartean egongo dira zabalik.
Udalak gogorarazi du ur parkeek ura berrerabiltzeko sistema zentralizatua badutela ere, ur kontsumoa handia dela. Azken hiru urteetako datuen arabera, 2025ean 1.896 metro kubiko ur kontsumitu ziren; 2024an, 1.863 metro kubiko; eta 2023an, 2.919 metro kubiko. Udalaren arabera, kopuru hori Musakolako igerileku ertaina 11 aldiz betetzearen edo kanpoko igerileku olinpikoa osorik betetzearen parekoa da.
Horregatik, herritarrei ur parkeak arduraz erabiltzeko eta zaintzeko deia egin diete udal arduradunek. Azaldu dutenez, zikinkeria pilatzeak bakterioak agertzea eragin dezake, eta horrek instalazioak aldi baterako ixtera behartu. Gogorarazi dute iaz astebetez itxi behar izan zutela ur parkea bakterioen ondorioz.





