Helburua herriaren “irudia hobetzea” litzateke, egun bertako zenbait tokitan “zikinkeria eta utzikeria sentsazioa” gero eta “handiagoa” baita.
Argazkiak: Arrasateko PSE.
Aipatu behar da espresio horien artean badirela faxismoaren eta prekarizazioaren aurkako zenbait mobilizaziotarako dei, hainbat espresio kultural, baita hainbat zirriborro ere.

PSEk hiru leku aipatu ditu: “Kulturola eraikina, Seber Altube plaza eta etxebizitza berriak eraiki berri diren sindikatuen eraikina”.
Azken honetan jarri du azpimarra PSEk: “bereziki deigarria da eraiki edo birgaitu berri diren espazioetan utzikeria irudi bat zabaltzea”.

Horregatik, “EH Bilduren gobernuari” eskatu dio “udalerriaren irudiari eragiten dioten eta utzikeria eta zikinkeria sentsazio kezkagarria eragiten duten grafitien eta pintaden ugaritzeari aurre egiteko ekintza plan bat martxan jartzeko”.
Era berean, gogora ekarri nahi izan du “garbitasuna mantentzea eta espazio publikoa zaintzea Udalaren erantzukizun zuzena dela, jarduera puntualetatik haratago joan behar duela eta estrategia integral eta eraginkor baten alde egin behar duela”.

Balizko plan integral horrek ahalbidetuko lituzke “berehalako garbiketa-lanak, prebentzio-neurriak eta herritarrak kontzientziatzeko kanpainak”, baita “gizalegearen” aurkako “portaeren aurreko zigorrak” ere.
Aritz Murua Acha-ren hitzetan, pintadak ugaritzeak “zuzeneko eragin ekonomikoa du diru-kutxa publikoetan”, eta horiek ezabatzeak “arrasatear guztiei” eragiten dien “kostua dakar”.

Alderdiak bere buruaren inguruan adierazi du “bandalismorik gabeko udalerri baten alde” egin duela, “ingurunearekiko errespetua nagusi izango den udalerri baten alde”.




