Numen black metal taldea bosgarren diskoa kaleratzen hasi da

0
1891

Talde arrasatearrak bertako Hamarratz musikagunean eta frantziar estatuko B-Blast Records-en grabatu du ‘Erre’ lana. Aurrerapen kantua jada entzungai jarri du: ‘Hustasuna: Oroitzapen galduen putzua’. Ildo honetan, disko osoa ekainaren 12an aurkeztuko du.

Artxiboko argazkia: Maria Diez / Bideoa: Numen.

Aritz (ahotsa), Jabo (gitarra), Lander (baxua eta alboka), Eöl (teklatua eta ahotsak) eta Sistrek (zuzenekoetako bateria) osatzen dute egungo taldea.

Lan berria grabatzeko, “distantziak eta tenpoak gaindituz”, 2025eko uztailean ekin zieten bateria eta baxuaren grabaketei, frantziar estatuko B-Blast Records eta Arrasateko Hamarratz musikagunean, hurrenez hurren.

Abuztuko atsedenaldiaren ostean “Basoa Studios-ean grabatu genituen gitarrak eta teklatuak, ondoren ahotsa grabatzera Hamarratzera itzuliz”.

‘Erre’ disko honen nahasketa eta masterizazioari dagokienez, Bartzelonako Moontower Studios-ean egin ziren Javi Felez-en eskutik.

Horrenbestez, “infernuko sutan egositako babak ederki loditu dira kondaira eta mitoen eltzean”. Aipatzekoa da ere diskoaren azala Raoul artistak, View From The Coffin, egina duela.

Udaberri honetan “sukaldeko lan eskergaren ostean, sorginkeriaz inguraturiko black metal” argia ikusten hasi da. Herriko burdina atari espezializatuak ere hala eman du jakitera.

Hala, bosgarren diskoa ekainaren 12an kaleratuko duten arren, Les Acteurs de l’Ombre diskoetxearen bidez, jada entzungai dago aurrerapen abestia: ‘Hustasuna: Oroitzapen galduen putzua’

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen