Leintz taldearen partaide gisa, apirilaren 25ean Eibarko Xarmaginak taldearen aurka arituko dira, final laurdenen baitan, Soraluzeko Herri Antzokian, arratsaldeko 18:00etan hasita
Gipuzkoako bertso Herriarteko Txapelketa bere bigarren fasean sartzear da eta bertan Leintz taldearen partaide diren hiru arrasatearrek hartuko dute parte; Ane eta Olatz Zuazubiskar ahizpak, eta Larraitz Trojaolak, boskotea Eskoriatzako Oihana eta Haizea Aranak osatuko dute. Antzuolako kanporaketan Oñatiko Mikaela Mentu taldeari gailenduta lortu zuen Leintz taldeak final laurdenetan Debagoiena ordezkatzeko aukera eta orain Eibarko Xarmaginak taldearen aurka lehiatuko dira, Oñatin maiatzaren 5ean jokatuko den finalerdietan egoteko saria jokoan dutela.
Eibartarren aurkako kanporaketa Soraluzeko Herri Antzokian jokatuko da, apirilaren 25ean, arratsaldeko 18:00ean hasita eta aurrera egitea lortuz gero, Leintz taldeko partaideek Zaharrak Berri (Azpeitia) eta Allepunta (Zarautz) taldeen arteko irabazleak izango lituzkete parean Oñatiko saioan.
Finala berriz, maiatzaren 30an dago iragarria, Aian.






