Kartela: Antolakuntza.
Inauteriak pasatu berri diren honetan, Arrasateko gazteak San Juanak eta herriko III. Gazte Olinpiadak prestatzen hasi dira dagoeneko. Antolakuntza taldeak instagramen mezu baten bidez adierazi duenez, “konturatu orduko San Juanak helduko dira” eta aurtengo edizioa borobiltzeko herritarren bultzada beharrezkoa dela azpimarratu dute.
Hori dela eta, izen-ematea zabaldu aurretik, bilera ireki bat egitea erabaki dute. Antolatzaileen helburua “antolakuntza aldetik laguntza jasotzea, ideia berriak kontrastatzea eta proposamenak jasotzea” da, eguna guztien artean eraikitzeko. Deialdi berezia egin diete bai herritarrei, bai aurreko urteetan parte hartu duten taldeetako kideei, haien presentzia “asko eskertuko” dutela gaineratuz.
Bilerari dagokienez, hitzordua otsailaren 26an izango da, arratsaldeko 18:30ean, Arrasateko Gaztetxean. Bertaratzeko prest dauden guztiei “ongi etorria” eman diete, eta gogorarazi dute bilera honen ondoren emango dutela izen-ematea zabaltzeko dataren berri.




