Urtero bezala, neguaren atarian, bailarako Udal Bibliotekak neguko gida kaleratu dute. Ekimen honetan Aramaio, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Legazpi eta Oñatiko liburutegiek parte hartu dute, irakurzaletasuna sustatzeko helburuarekin.
Aurtengo edizioan ere Helena Azkarragaurizar marrazkilariaren diseinua du gidak; irudi zaindu eta erakargarriei esker, gida dotorea eta erraz identifikatzekoa da. Gidara hurbiltzen diren irakurleek, haur, gazte zein helduek, adinaren arabera sailkatutako liburu eta filmen zerrendak aurkituko dituzte. Azken nobedadeen artean arakatu ondoren, guztira 50 gomendio bildu dira, guztiak ere udal liburutegietan eskuragarri daudenak.
Neguko gidaren helburu nagusiak hauek dira: irakurzaletasuna piztu eta sendotzea, irakurketa ohitura atsegin eta aberasgarri bihurtuz; irakurleak orientatzea, literatura-eskaintza zabalaren aurrean bere interes eta beharretara egokitzen diren proposamenak eskainiz; eta, azkenik, liburu, genero eta egile berriak ezagutzeko aukera ematea, hala nola poesia, saiakera, komikia edo eleberri historikoa.
Gida bailarako liburutegietan eskuragarri dago, eta baita Arrasateko Udal Bibliotekaren webgunean ere: https://www.arrasate.eus/biblioteka
Udal Bibliotekak ordutegi berria
Bestalde, 2026an Udal Bibliotekak ordutegi berria jarriko du martxan. Erabiltzaileen eskaerari erantzunez, astelehenetik ostiralera goizeko 9:00etan irekiko dira ateak, ordu bat lehenago. Era berean, itxiera ordua ere egokitu da, eta 20:00etan itxiko da liburutegia.
Ordutegi berria jasota dago Iratxe Lopez de Munain marrazkilariak diseinatutako 2026ko irakur-puntu koloretsuan, eta informazio osoa kontsultagai dago udalaren webgunean ere: https://www.arrasate.eus/eu/web/biblioteka/images/egutegia-kulturate.jpg





