Lehenbiziko aldiz sari nagusia ‘ex aequo’ eman du epaimahaiak, nazioarteko lehiaketaren XXXII. edizioan. Ganbera Musikako sariari dagokionez, Hava Duo izeneko bikoteak irabazi du, Jéssica Reis (Portugal) eta Maria Benítezek (Espainiar Estatua) osatua. Gipuzkoako Lehiaketan ondokoak izan dira txapeldunak: haur mailan Francisco Javier Jaso, gazte mailan Urtzi Larrabeiti, eta senior mailan Gabriel Dominguez.
Hauspoz, Euskal Herriko Akordeoi Elkarteak, 2025eko Arrasateko Akordeoi Jaialdiari amaiera
eman dio gaur gauean.
Hiru egunetan 350 bat akordeoilarik parte hartu dute Arrasateko lehiaketa eta jaialdian, herriko zenbait gunetan.

Amaia Udal Antzokiko ekitaldi irekian ondoko lehien sariak banatu dira: “Arrasate Hiria” Nazioarteko XXXII. Lehiaketa, II. Akordeoi eta Ganbera Musikako “Arrasate Hiria” Nazioarteko Lehiaketa, eta XLV. Gipuzkoa Akordeoi Lehiaketako Haur, Gazte eta Senior mailetan.
Jonas Vozbutas lituaniarrak eta Zimu Wang txinatarrak lortu dute XXXII. “Arrasate Hiria” Nazioarteko Lehiaketako lehen saria.

Izan ere, “lehia izugarria” izan da, eta epaimahaiak erabaki du sari nagusia ‘ex aequo’ ematea. Lehen fasean 10 nazionalitatetako 11 partaidek parte hartu dute:
Euskal Herria, Austria, Finlandia, Errusia, Eslovenia, Espainiar Estatua, Bulgaria, Frantziar Estatua, Txina eta Lituania.
Bertan, akordeoirako originala den haien aukerako obraz gain, orain dela gutxi zendu den Sofia Gubaidulinaren “Kadenza” obra interpretatu zuten.
Epaimahaikideak, nazioartean ospe handia duten Bjarke Mogensen, Claudia Buder, Vincent Lhermet, Mateja Zenzerovic eta Stefan Hussong izan dira aurtengo edizio honetan.
11 lehiakidetik 8 sailkatu ziren azken faserako, eta euren artean, Zimu Wang txinatarra eta Jonas Vozbutas lituaniarra izan dira txapeldunak, puntuazio berdinketa zehatzarekin. Epaimahaikideen esanetan, aurtengo maila “ikaragarri handia” izan da.
Bestalde, Nazioarteko II. “Arrasate Hiria” akordeoi eta ganbera musikako lehiaketan Jéssica Reis (Portugal) eta Maria Benítezek (Espainiar Estatua) osatutako Hava Duo izan da garaile, 23’63 punturekin.

Poloniatik etorritako Chlap & Wajdzik DUOk eraman du epaimahaiaren aipamen berezia, 23’06 punturekin.
Halaber, XLV. Gipuzkoa Lehiaketa ere jokatu da ostiraletik gaur arte. Adinaren arabera sailkatuz, Haur, Gazte eta Senior izan dira ospatu diren hiru mailak. Epaimahaikideek honako akordeoi joleak saritu dituzte:
Haur mailan:
- Lehen saria: Francisco Javier Jaso Abaigar
- Bigarren saria: Henar San Emeterio
- Hirugarren saria: Ander Fernandez

Gazte mailan:
- Lehen saria: Urtzi Larrabeiti Zubero
- Bigarren saria: Ibai Marquina
- Hirugarren saria: Sebastian Gabriel Gomez Sanguinetti

Senior mailan:
- Lehen saria: Gabriel Dominguez
- Bigarren saria: Nuno Estevez
- Hirugarren saria: Chiara Moscarda

Bestalde, larunbatean, XXXVII. Gipuzkoa Akordeoi Jaialdia ospatu zen, inoiz baino parte-hartze handiagoarekin. Guztira, Euskadi nahiz estatu osoko 370 akordeoi jole eta musikarik euren irakasleekin prestaturiko lana erakusteko aukera izan zuten egun osoko egitaraua osatu zuten maila desberdinetan.
Gipuzkoa Akordeoi Jaialdia, izaera ez lehiakorreko jaialdia da, ikasleek publiko aurrean eta beste musikarien aurrean lehenengoz jotzeko aukera izatea duena helburutzat.

Aipagarria da lehiaketako maila guztietan parte-hartzaile kopuruaren igoera adigarria, adin anitzetako pertsonek akordeoiarekiko duten zaletasuna une onean dagoen seinale.
Lehiaketa eta jaialdiez gain, Hauspozek antolatuta, ekitaldi ugari izan dira asteburu osoan zehar: Ostiralean harrera ofiziala egin zitzaien parte-hartzaileei Arrasateko Udaletxean, Bela Brichzinek ekitaldiari musika jarri ziolarik.
Halaber, hainbat kalejira eta 2024ko zenbait garaileren kontzertuak antolatu dira, haien artean XXXI. “Arrasate Hiria” Lehiaketako Vladimir Stupnikov garailearena azpimarratu daitekeelarik.
Zorionak guztiei!




