Indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko Egunean, Herriko Plazan dozenaka herritar bildu dira arratsaldeko 18:30ean Arrasateko Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzean. Aurtengo mobilizazioak “Konplizitate sareen aurrean erresistentzia feminista” leloa izan du.
Eguerdian Gazte Feministek eta Ikamak egindako mobilizazioaren ostean, arratsaldeko deialdian ere herritar askok egin dute bat indarkeria matxistaren aurkako borrokaren aldarrikatzeko. Elkarretaratzean, Mugimendu Feministak adierazpen bateratua irakurri du, egun honek dakarren aldarrikapen politikoa eta soziala azpimarratuz. Aldarrikapen amaieran, guztiek batera abestu dute.
Irakurritako testuak, besteak beste, honako mezua izan du:
“Euskal Herriko mugimendu feministatik maitasun osoz gogoratzen zaituztegu. Ez zaituztegu bakarrik utziko; besarkada bana, zenide eta lagunei ere. Horrez gain, aurreko hainbat mobilizaziotan egin bezala, gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkiogu Palestinari. Beste besarkada bat bidaltzen diegu Palestinako herriari eta bertako feministei. Era berean, gobernuek Israelek inposatzen dituen harremanak eteteko eskatzen dugu, eta Israeli boikot egiteko deia egiten dugu. Aurrera Palestina! Besarkada bana ere munduko beste hainbat lurraldetan borrokan ari zareten feministei: Saharan, Sudanen eta abar.”
“Indarkeria matxista gure egunerokotasunean hainbat modutan agertzen da. Eta gaur, hauek sortzen eta mantentzen dituzten egiturak, konplizitate sareak eta botere harremanak salatzera atera gara kalera. Izan ere, emakumeok, transok eta bollerook jasaten dugun indarkeria ez da kasualitatea.”
“Tabernetan, dantza-guneetan, jaietan… erantzun diezaiogun indarkeria jasaten dutenen aurkako konplizitate horiei. Haien alboan borrokatzen duten feministen konplizitate gara. Konplizitatearen aurrean, erresistentzia feminista. Besteen hipokresiak ez gaitu isilduko: gora borroka feminista!”







