Brigadistek ‘Smurfit Criminal Ambiental’ proiektatuko dute Iratin

0
1385

Kolonbian lekuko izandako pertsonak hainbat aurkezpen egiten dabiltza Euskal Herrian. Abenduan Arrasaten, Bergaran eta Aramaion aurkezpen bana egingo dute.

Irudia: Antolatzaileak.

Emanaldiko antolatzaileek jakitera eman dute “1980ko hamarkadatik, Smurfit Kappa multinazional irlandarra —gaur egun Smurfit Westrock— lurrak bereganatu dituela Kolonbian, Cauca eskualdean”.

“Modu honetan, eskualdeko lur-jabe handiena bilakatu da eta pinu eta eukaliptoen monolaborantzak ezarriz kartoi eta papera mundu mailan ekoitzi eta merkaturatzen ditu”.

Brigadistek salatzen dute horrek “biodibertsitatea galtzea, ur-iturrien agortzea, lurraren pobretzea eta nekazari zein indigena komunitateen desplazamendu behartua eragin dituela”.

“Monolaborantza horiek ez dute naturaren suntsipena bakarrik eragiten: eredu estraktibo bat inposatzen dute, lurraldeak Sakrifizio Eremu bihurtzen dituena”.

Bien bitartean “Smurfit Westrock-ek komunitateak “babesten” dituela dioen arren, egiaz, ehun soziala zatitzen du eta lurraren defentsan ari direnak jazartzen ditu”.

“Lurraren eskubidearen, elikadura-subiranotasunaren eta bizitza duin baten urraketen aurrean, nekazari komunitateak eta Misak zein Nasa herri indigenek beren lurrak legitimo eta kolektiboki berreskuratzen ari dira”.

Ekimen hauek “elikagaiak ereitearen alde, ura babestearen alde eta beren memoria, identitatea eta autonomia berreraikitzearen alde borrokatzen” dihardute.

“Ezin dugu kanpoko enpresa handiek beren poltsikoak aberasten jarraitzea onartu, komunitate osoen desjabetzearen eta sufrimenduaren kontura”.

Arrasateko aurkezpena Irati tabernan izango da abenduaren 10ean, asteazkena, arratsaldeko 18:30ean, sarrera libre.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen