‘Iñaki bota daue’ ikerketa liburuak ondorioztatu du “Gernikako kuarteleko Francisco Burgos guardia zibila” dela Iñaki Etxaberen hiltzaile

0
3237

Lanaren aurkezpenak balioan jarri du orduan Gernikan atxilo zegoen Josefi Sagastizabal emakumearen testigantza. Liburuak egiten duen irakurketa da arrasatearra erailtzeko “agindua Juan Atarés jeneralarengandik etorri zela”. German Agirre arrasatearraren aurkako erailketa ere hizpide izan da, Aurrera Boliek antolatuta. Senideak bertan izan dira.

Lan mardularen aurkezpena gaur arratsaldean egin da Kulturaten, senide eta bestelako herrikide ugari bertan izanda.

Lan berriaren egileak, Pako Aristi Urtuzagak ikerketa liburuaren ondorio nagusiak partekatu ditu.

Iñaki Etxabe Orobengoaren aurkakoa “ez zen hilketa isolatu bat izan, ezta guardia zibil batzuen burutazio baten” ondorio ere.

Izan ere, “gertakizunen kate baten harmaila bat izan zen, ‘Txiki’ eta Otaegi hil zituzten astebete lehenago, baita FRAPeko beste hiru militante ere”.

Ondorioz “segurtasun indarrak erne zeuden, zai, horri ETAk zer erantzun emango zion”. Handik astebetera, urriaren 5ean, Arantzazun festa zela, “lehendik ETAk prestatua zuen ekintza bat martxan jartzea erabaki zuen”.

Ikurrin bat kentzera zihoan guardia zibilen jeep bat harrapatu zuen eztandak, eta bost guardia zibiletatik hiru hil ziren bertan.

“Horrek bailara honetan giro txar eta tentsoa zabaldu zuen, kontrolak jartzen hasi ziren eta helikopteroak bueltaka, tabernak ixten, beldurra. Hori guztia”.

Igande hartan 23:00 aldera “hiru morroi aurpegia estalita eta metrailetekin tabernara sartu ziren, gasa bota zieten bezero batzuei. Luis hori ikusirik korrika joan zen, eta Iñaki sukaldetik irten zenean ametrailatu zuten”.

Ondoren “morroiek kotxea hartu zuten eta Gernikako guardia zibilaren kuartelera itzuli ziren, handik etorri baitziren”.

Ikerketak hori ziurtatu du “lekuko bat aurkitu dugulako eta, lehendik informazioa bazegoen, emakume batek emana, Gernikan atxilotua zegoena, eta berogailura lotuta zutena: Josefi Sagastizabal”.

“Berak 24:00 aldera ikusi zuen morroi bat kuartelera iritsi zela, eta Hidalgo kapitainak galdetu zion ‘Zer, nola joan da?’ eta morroiak metraileta mahaiaren gainean utzi zuen eta ‘Bat gutxiago’ edo ‘Bat bota dugu’ erantzun zion”.

“Garai hartan Josefik informazio hori familiari helarazi zion, eta berak ere kontatu zuen 2022. urtean Aiaraldea aldizkariak egin zion elkarrizketan”.

1975era itzuliz “igande hartan ez zuen ulertu, baina aske utzi zutenean, handik bost egunera, jakin izan zuen Iñaki Etxabe eraila zutela, eta gertaerak lotu zituen”.

“Josefik kuarteleko bi guardia zibil errekonozituak-edo zituen: Hidalgo kapitaina, oso ezaguna, eta igandean metraileta mahai gainean utzi zuena Francisco Burgos Nuñez”.

“Horrek aukera ematen digu, nolabait, Iñaki hil zuenari izena eta aurpegia jartzeko. Gizon hau oso misteriotsua da, handik 6 urtera Kongresuan agertu zen, Tejerorekin batera”.

“Metraileta bat eskuan zuen eta egunkariek ‘el hombre del anorack verde’ deitu zioten, estatu kolpea ematen. Horren ondoren, guardia zibilak epaileari esan zion gizon hura ondo, errespetuz tratatzeko”.

“Azkenean ez zuten epaitu ere egin, ez zuen kondenarik bete, eta desagertu zen. Gaur egun ez dago Interneten bere berririk, soilik bere iloba agertzen da, futbol arbitroa dena”.

“Guk ez dugu beste pistarik eta uste dugu bera dela Iñakiren hiltzaile fisiko bat. Eta zergatik esaten dut hori? Bada, kasu hauetan komeni delako betiere izenak zehaztea, frogak, indizioak eta kontakizun logikoa duzunean behintzat. Bestela, nebulosa bat geratzen da”.

Hori azpimarratu zuen adibidez aurreko astean Jon-Mirena Landa Gorostizak Monbar hoteleko hilketen inguruko agerraldi batean.

Halaber, nabarmendu zuen jerarkiaren garrantzia, izan ere, “orain arteko estatu terrorismoaren inguruko epaiketek soilik behe mailako gizonak epaitu dituztela, bigarren mailara soilik iritsi dira, Amedo eta Dominguez. Baina hortik gorakoa ez dugu argitzerik lortu”.

Ikerketa berri hau ahalegindu da “gora egiten, Francisco Burgos Nuñezetik gora Hidalgo kapitaina zen, kuarteleko arduradun bezala”, eta hierarkian gora eginda, Euskal Herria mendean hartzen zuen guardia zibilaren “zonaldeko burua”, “Juan Atarés jenerala zen”, buruzagitza Logroñon zegoela.

“Juan Atarés-en gainetik guardia zibilaren zuzendaria legoke, garai hartan militarra ohi zena, eta bere gainetik Barne ministroa”.

Ikerketak jakin izan du “orduko guardia zibilaren organigrama nolakoa zen, nork nori ematen zizkion ordenak, eta zeinek zuen aginduak betetzeko ardura zuena”.

“Guk egindako irakurketaren arabera”, Iñaki Etxabe Orobengoa hiltzeko “agindua Juan Atarés-engandik etorri zen, Hidalgok jaso zuen eta Hidalgok Francisco Burgosi. Burgosek bi kide hartu zituen eta hirurak Kanpazarrera etorri ziren hilketa egitera”.

“Garrantzitsua da gure ustez seinalatzea behelaino, nebulosa hori argitzeko. Frogarik ez daukagu, frogarik ez delako inoiz egoten”.

Ikerketak jakin izan du “Iñaki Etxaberengana joan baino lehen, Oñatiko enpresario batengana joan zirela, Marietan, arratsaldeko 18:00ak aldera”.

“Bi morroi agertu ziren, paisanoz jantzita baino militar botekin”, baina “ikusi zuten kotxe asko zeudela, jende asko zegoela, eta bertan ezin zuten ekintzarik egin, eta joan ziren”.

“Bertan zen sukaldari batek Juan Zelaiari bi morroien inguruan hitz egin zion, Zelaia oso urduri jarri zen, abisu bat bazuelako. Arabako militar bat lagun zuen, eta esana zion ‘Vete de aquí porque estás el siguiente en la lista'”.

Egoeraz jabetuta, Zelaiak “hurrengo egunean Iparraldera alde egin zuen, eta han urte eta erdi eman zuen hona itzuli gabe”.

“Guk uste dugu bi morroiak Legutioko kuarteletik joanak zirela, eta horrek huts egin ondoren, agindua Gernikako kuartelera iritsi zela”.

“Gauza kurioso bat gertatu zen, bi agindu gurutzatu baitziren, lekukoen bidez (Gregorio eta Altuna alkate ohiaren bidez) dakiguna”.

Izan ere, “Iñaki Etxabe erail ondoren, Elorrioko kuarteleko guardia zibil batzuk igo ziren Kanpazarrera”, eta erailketaren ondorioak ikustean “‘hemos llegado tarde’ esan zuten”.

Alkate ohiari esan ziotenez “lekua bijilatzeko agindua jasoa zuten. Beraz, badirudi Gernikako agindua kolpea ematea zela, eta guk uste dugu, Kanpazarrerako bidean, Elorrioko kontroletik igaro zirela”, eta hori jakitean “Elorrioko guardia zibilen buruak Elorriokoei agindu ziela Kanpazarrera igotzea lekua zaintzeko, alegia, hilketa galarazteko”.

“Bi agindu egon baziren, elkar gurutzatu zirenak, honek esan gura du Kanpazarkoa ez zela zerbait esporadikoa izan, edota agente xume baten burutazio bat”.

Iñakiren aurkakoa “ez zen izan gizon on baten aurkako erailketa bakarrik, irakurri zen Arantzazukoaren mendekua bezala izan zela, baina Espainiako estatuan eragina izan zuen erailketa ere bada”.

“Arantzazukoaren arratsaldean bertan, Espainiako gobernuak bilera berezi bat deitu zuen astelehen goizerako, Arantzazukoagatik ikaratuta eta oso minduta”.

“Espainian ere Etxaberen aurkako erailketak bi irakurketa nagusi izan zituen. Egunkari batzuen lerroburuek Etxabe ‘industrial’ edo ‘ostelero’ bezala aurkezten zuten, eta beste batzuek ‘hermano del dirigente etarra Juan José Etxabe’ bezala”.

Erailketaren osteko egunean “Marcelino Oreja, Espainiako gobernuko gizon garrantzitsua, Arrasatera etorri zen, bere aita hil zuten herrira Errepublikaren garaian, eta nahi izan zuen Kanpazarrera igo eta Etxabetarrei doluminak ematea”.

“Berak erailketa kondenatu zuen eta bizpahiru egunera ‘Diario Vasco’k argitaratu zuen. Etxaberen aurkako hilketak indartu zuen diktadurako bi korronteen arteko talka”.

“Hilketa bat izan zen, istorio sakona, oso tristea, zer esan handia eman zuena, eta handik astebetera German Agirreren aurkako hilketa egin zen”.

Bi erailketen artean antzekotasunak daude: “Igandez izan zen, gaueko 22:00-23:00ak aldera eta ametrailatuta hil zuten”.

“Hala ere, gure ustez ez da estrategia militar baten barruan egindako hilketa. Liburuan jaso dugu Germanek bazuela lagun handi bat, Xabin Arrieta”.

Xabin Arrieta “Iparraldera joan zen eta ETAri galdetu zion ea berak erail zuen German. ETAk erantzun zion ezetz, eta Arrietak eskatu zion komunikatu bat idazteko, Germanen familiari emateko”.

“Komunikatu hori aurkitu dugu, ETAren zigilua dauka, eta liburuan ageri da. Bertan ETAk dio German ez zela inoiz bere jopuntuan egon, bere alargunari zuzenduta dago, eta Germanen aurka ez zuela ezer berresten dio”.

Agiri horrek “50 urte iraun duen zurrumurru horrekin (ETAk hil ote zuen, salataria ote zen, eta halakoak dioten zurrumurru horiekin) behingoz bukatu nahi genuke”.

“Baita beste hipotesi bat: Germanek Kanpazarren Iñakiren aurkako erailketaren inguruko zerbait ikusi zuela. Hipotesi horrek ez du funtsik”.

“Hil aurreko astebetea oso txarto pasatu zuen Germanek, eta horren lekukotzak ditugu, adibidez Jabier bere anaiarena. Germanek bere senideei esana zien berak Kanpazarren ez zuela ezer ikusi”.

“Baina aste horretan kontroletan askotan gerarazten zuten, ostigamendu bat izan zuen, eta urduri zebilen gizona. Baina uste dugu erailketa kontu pertsonal bat izan zela”.

“Berak astelehenetan kuartel bateko guardia zibila Gasteiza eramaten zuen autoeskolako klaseetara. Arantzazukoaren ondoren, arratsalde hartan, guardia zibilak Germanen etxera deitu zuen, eta errekaua utzi zion Germanen emazteari: ‘Dile a tu marido que no venga a buscarme ni mañana ni nunca'”.

“Harreman hori eten egin zen, eta guk uste dugu gizon hori obsesionatu egin zela, Germanek ez ote zuen harremanik ETArekin edota komandoarekin. German Iparraldera askotan joaten zen, Xabin Arrieta eta beste batzuk eramanez”.

“Guk uste dugu bere obsesio baten ondorio izan zela hilketa. Hipotesi sinesgarriena hori da, izan ere, ekintza horrek ez zuen guardia zibilarentzat emaitza onik ekarri, bai, ordea, Iñaki Etxaberen aurkako hilketak”.

“Estatu terrorismoak bi helburu nagusi ditu: mendekua, jendea beldurtzea eta ETAri azpiegiturak murriztea”. Helburu bakarra “taxistak beldurtzea” litzateke.

“Iñaki Etxaberen aurkako hilketa Batallon Vasco-Españolek erreibindikatu zuen, baina German Agirrerena ez zuen inork erreibindikatu. BVEk erraz zeukan egunkarira deitu eta hilketa bere gain hartu, baina inork ez zuen bere gain hartu”.

“Guardia zibila saiatu zen susmoak bere ingurutik apartatzea, eta horregatik paskinak edo afixak zabaldu zituzten ‘German chivato’ eta antzekoak esaten zutenak”.

Esanguratsua da erailketa “kuarteletik 200-300 metrora egin zutela, eta zentzurik ez luke ETAk taxista bat bahitu guardia zibilaren kuartel baten aurrean hiltzeko”.

“Horregatik guztiagatik pentsatzen dugu German Agirreren hilketak ez duela Kanpazarrekin zuzeneko zerikusirik”.

“Pertsona normal batek guardia zibilek Iñaki Etxabe hiltzen ikusi izan balu, frankismo garaian, nori esango lioke? Kuartelera joango litzateke? Jipoituko lukete. Eta epaile bati esango balio? Etxera bidaliko luke”.

“Frankismoan inpunitatea are handiagoa zen Espainiako demokrazia deitutakoaren urte askotan baino. Guk bertsio horri ez diogu heldulekurik ikusi”.

Liburuak ere jasotzen du Agurtzene Arregiren eta Juan Jose Etxabe ‘Handixe’ren aurkako atentatua Donibane Lohitzunen.

Bertan ere “estatu terrorismoaren ezaugarrietako bat bete zen: ETAko kideen senideei ere eraso egitea”.

Juan Jose Etxabek Amurizari eskainitako elkarrizketa sakon batean azaldu zuen, “bera kotxean Agurtzaneri itxaroten ari zela, Agurtzane jatetxea txukuntzen ari zela, hiltzaileak ordurako kotxe batean zeudela, 5-10 minutu lehenago”.

Hau da, “hiltzaileek emaztea etorri arte itxaron zuten, emaztea ere hil nahi zuten”. Atentatu horretan Agurtzane Arregi Letamendi arrasatearra erail zuten eta bere senarra oso larri zauritu zuten.

‘Iñaki bota daue. Kanpazar, 1975 gerra zikinaren hastapena’ dugu liburuaren izen osoa, eta Erein etxeak argitaratu du.

Albistea osatzen gabiltza

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen