Martxan dira ‘GarbiBizi’ guneak, bizikletak garbitzeko hiru gune berriak

0
2247

Arrasateko Udalak gaur aurkeztu ditu “GarbiBizi” bizikletak garbitzeko gune berriak, eta dagoeneko martxan daude. Herriko hiru puntutan kokatu dira: Uribarrin (Loramendi kalean, Iturripe atzealdean), Erdiqunean (Euskararen Plaza, Nafarroa etorb. 23-25) eta Musakolan (Zigarrolako kiroldegiaren aurrean).

Ekimen hau Musakola BTT eta Mondran Bike taldeek egindako eskaerei erantzunez gauzatu da, eta gaurtik aurrera bizikletazaleek eroso eta modu jasangarrian garbitzeko aukera izango dute.

Azpiegitura berriak, gune bakoitzak honako ezaugarriak izango ditu:

  • 12 m² inguruko azalera.
  • Bi bizikleta garbitzeko lekua.
  • Mahukak, horman kokatutako garbiketa-eskuilak eta bizikleta eusteko euskarriak.
  • Drainatze-sistema propioa, udal sarearekin lotuta.
  • Lorategi eremuetan kokatuta, oinezkoen joan-etorria errespetatuz.

“Bizikleta zaleek aspalditik egindako eskaera bati erantzun diogu. Azpiegitura hauek beharrezkoak ziren erabiltzaileen egunerokoan laguntzeko eta gure ingurunea zainduz kirol-ohitura osasuntsuak sustatzeko”, azaldu du Kepa Urteaga zinegotziak aurkezpenean.

Zerbitzu publikoa eta doakoa

Hasiera batean zerbitzua doakoa eta guztientzat irekia izango da. Hala ere, etorkizunean erabilera desegokia antzemango balitz, kudeaketa eta kontrol sistema bat ezartzea aurreikusten da.

Erabilera arauak

Bizikletazaleen artean erabilera egokia eta errespetuzkoa bermatzeko, honako arauak ezarri dira:

  • Helburu bakarra: bizikletak garbitzea (beste ibilgailu edo objekturik ez).
  • Uraren eta produktuen erabilera arduratsua: xahuketa saihestea eta produktu kimiko kaltegarririk ez erabiltzea.
  • Instalazioak ez manipulatzea: mahukak, euskarriak edo iturriak ez desmuntatu edo indarrez erabili.
  • Gunea garbi uztea: hondakinak eramatea eta garbiketa-eremua txukun uztea.
  • Denbora egokia erabiltzea: beste pertsonak ere zerbitzua erabili ahal izateko; jende asko badago, txandak errespetatzea.
  • Debekuak: ezin dira garbitu animaliak, arropak edo bizikletekin zerikusirik ez duten objektuak.
  • Gorabeherak: arazoren bat hautemanez gero, Udalari jakinaraztea.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen