Elkartasuna izango da protagonista urriaren 19ko Mundukideko lasterketan

0
2297

Gaur goizean, irailaren 10ean, Urkuluko urtegian aurkeztu da Mundukideko Lasterketa Solidarioaren 10. edizioa. Hamarkada bete da lehen aldiz ospatu zenetik, eta hitzorduak kooperatiben eta herritarren arteko elkargune erreferente bihurtu du, elkartasuna, talde-lana eta konpromiso globala ardatz hartuta.

Ekitaldia urriaren 19an, igandean, egingo da Urkulun, eta aurreko edizioetan bezala, formatu eta modalitate ezberdinak izango ditu:

  • X3 talde-lasterketa (kooperatiba bakoitzeko hiru kidek osatutako taldea, emakumezkoen, gizonezkoen edo mistoen kategorietan).
  • Oinezko ibilaldia, publiko orokorrarentzat.
  • Martxa nordikoa, publiko orokorrarentzat.
  • Haurrentzako eta gaztetxoentzako probak, 100 metrotik 6,3 kilometrora arteko distantzietan, adinaren arabera.

Ibilbide guztiek 6,3 kilometroko luzera dute, desnibelik gabe. Irteerak goizean izango dira: haurren lasterketak 10:00etan, martxa nordikoa eta oinezko ibilaldia 10:30ean, eta X3 talde-lasterketa 11:00etan.

“Parte hartzea ez da soilik kirola egitea; pauso bakoitzak benetako aldaketa eragiten du”, gogorarazi dute antolatzaileek. Izan ere, Mundukidek jasotako ekarpenekin Afrikan eta Hego Amerikan komunitateekin elkarlanean jarraitzen du, tresna, merkatu eta laguntza-sare eskasekin bizi diren milaka pertsonen egunerokoa eraldatzeko.

Kooperatiben babesa eta testigantzak

Aurkezpenean Athlon, Ikerlan eta ULMA Taldea izan dira protagonista, aurten antolakuntzan lagunduko duten kooperatibak. Haien ordezkariek elkartasunaren garrantzia azpimarratu dute:

  • “Munduan gatazka ugari dauden garaiotan, pozgarria da gure inguruan Mundukide bezalako erakunde bat izatea. Parte hartzera animatu nahi ditugu kooperatiba guztiak, urriaren 19an errekor berri bat lortzeko” (Kepa Larrea, Athlon).
  • “Mundukide Lasterketa Solidarioa ez da soilik kirol ekitaldi bat; balio kooperatiboak praktikan jartzeko aukera bikaina da” (Iñigo Gandiaga, Ikerlan).
  • “Pertsona askoren keinu txikiek gauza handiak lor ditzakete. Horregatik, gure lankide eta komunitate osoari gonbidapena luzatzen diogu” (Ibon Calvo, ULMA Taldea).

Bestalde, Mundukidek eskerrak eman dizkie urtero ekimenari babesa ematen dioten erakundeei. Aurtengo babesleen artean daude: Laboral Kutxa, Konfekoop, WCLook, Columbus, RPK, Ausolan, 19.90 Gastroteka, Eroski, Arteaga, Orbea, Arrasateko Atletismo Taldea, Aretxabaletako Udala eta UDA Kirol Elkartea.

Parte hartzeko datuak eta dortsala solidarioa

Azken urteetan goraka egin du parte-hartzeak. 2023an, esaterako, 303 lagun batu ziren Urkulun, eta 2024an ere ia 300 parte-hartzaile izan ziren. Urtero, Athlon eta Fagor Ederlan kooperatibek ez dute hutsik egiten, eta Fagor Elektronika izan ohi da parte-hartzaile gehien biltzen dituena.

Aurten ere izen-ematea jada zabalik dago www.mundukide.org atarian, urriaren 14ra arte. Lasterketa egunean bertan ere egin ahalko da izen-ematea, 9:00etatik 10:30era, Otalora jauregiko aparkalekuan. Prezioa 10 eurokoa izango da (ikasleentzat 5 €), eta haurrek doan parte hartu ahal izango dute.

Bestalde, parte hartzerik ez dutenek “dortsala solidarioa” erosi dezakete, Mundukideri ekarpena egiteko, bai webgunearen bidez bai Bizum bidez (00989 zenbakia).

Palestinari elkartasuna

Edizio honek elkartasun mezua helarazi nahi du, bereziki Palestinako herriari begira. Mundukidek gogorarazi du han diharduten giza-erakundeek ura, elikagaiak, sendagaiak eta aterpea eskaintzen dizkietela premia larrienak dituztenei, eta jardun hori “gizatasunaren zubi” dela.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen