Gaur, abuztuak 13, hasiko dira Aretxabaletako Andramaixetako ekitaldiak eta abuztuaren 17ra bitartean iraungo dute jaiek.
Urtero bezala, hainbat arrasatear ere bertan izango dira, oholtza gainean nahiz eszenatokitik at, jaietan parte hartzen eta gozatzen.
Gaur, GuGeu txosnagunean, Lepue Zapaldu taldeak 21:00etan joko du. Iker Zubillaga ‘Zubi’, Danel Zuazubiskar ‘Zuazu’ eta Manex Karabias ‘Kanabito’ arrasatearrek, Oihan Azkarate ‘Kapo’ aramaioarrarekin batera osatzen duten laukoteak San Joanetan hasi zuen ibilbidea, Otalora kalean eskainitako kontzertuarekin, eta oraingoan, Aretxabaletako txosnetara eramango dituzte haien punk doinuak.
Abuztuaren 16an berriz, Zerendepya hirukoteak joko du. Iban Peñakoba arrasatearrarekin, Mati Garcia eta Txus Gutierrez aretxabaletarrek dihardute taldean. Kontzertu hau Gazte Mugimenduaren txosnagunean izango da, 21:00etan




